Urtero egiten du Euskalzaleen Topaguneak euskerazko filmen Laburbira, eta aurtengoan ere, Hernanin egingo du geldialdia, Dobera Euskara Elkartearen eskutik.
Arratsaldeko 19:00etatik aurrera, 2015ean ekoitzitako 8 film labur ikusi ahal izango dira: Azken Saskia, Beti Bezperako Koplak, Ihesa, Elemakarrak, Jalgi, 280º, EUSPOT, eta Hileta izango dira, hain zuzen.
Ordubete eta hogei minutuko tartea hartuko dute proiekzioek, eta ondoren, hori bukatuta, solasaldia egingo dute Kote Camachorekin, bertan ikusiko den Beti bezperako koplak film laburraren egilearekin.
Lana ezagutaraztea, helburu
Laburbiraren 14garren edizioa da aurtengoa, eta Hernanin geldialdia egiteaz gain, Euskal Herri osoan zehar, eta munduko hainbat hiritan ere, izango da filmak ikusteko aukera.
Antolatzaileek esandakoaren arabera, bira haundi honen helburua izango da, hain zuzen, «euskerazko sortzaileen lana ezagutaraztea, euskeraz ekoizten jarraitu dezaten aukera emanez, eta ikusleei gurean sortutako perla hauez gozaraztea».
Korrika Kulturalaren barruan, aurten
Dobera Euskara Elkarteak urtero antolatzen badu ere, Korrika Kulturalaren barruan egingo du aurtengoan. Gainera, Udalak ere babesten duen ekintza da hau.