Musika banda militarrari aurre egiteko erantzun gisa sortu zena, ospakizun ludiko bihurtu zen denborarekin eta gaur egunean Hernaniko festen erreferenteetako bat bilakatu da. Egungo Santa Barbara elkarteko danborradaren zuzendari Pablo Alonso eta zuzendari ohi Miguel Angel Gorrotxategi pozik azaldu dira azken mende erdian eginiko lanarekin, eta gaur, ekitaldi berezia egingo dela azpimarratu nahi izan dute.
Gorrotxategik azaldu du hasierako urteetan antolaketa eta plangintza ez zirela batere errazak izaten, ez baitzuten azpiegiturarik, ezta balaibide materialik ere. Danbor-joleen uniformeak, adibidez, Billabonan alokatu eta Hernanira ekartzen zituzten. Bestetik, kantu gehienak Raimundo Sarriegirenak izaten ziren, eta orain berriz, ez dute apenas konpositore ospetsu horren piezarik jotzen.
Aldaketak denboran zehar
Gizartea garatu den bezala garatu da danborrada ere, eta esaterako, 60ko hamarkadan gizon helduak izan baziren danborra jotzen zuten bakarrak, denborarekin neska-mutikoak ere bilakatu dira ospakizunaren protagonistak. Oraingoan, 50 bat ume danbor-jolek eta 70 bat helduk hartuko du parte. Pablo Alonso zuzendariaren arabera, azken urteetan danbor zaleen kopuruak behera egin badu ere, pozik daude partaidetzarekin, eta aurrerantzean jende berria erakartzeko lanean jarraituko dutela azaldu du.
Edizio berezia
Mende erdi ez da egunero betetzen eta horregatik motibo ugari dituzte Santa Barbara elkarteko kideek egun handi hori giro ederrean ospatzeko. Horretarako gonbidatu bereziak izango dituzte danbor hotsak laguntzeko. Alde batetik, Ttarla taldeko dantzarien konpainia izango dute ibilbidean zehar, eta bestetik Hernaniko txistulariek hainbat musika pieza joko dituzte entzuleen gozamenerako, horien artean, Mendiriz Mendi abestia. Beraz, aurtengo edizioak interes berezia izango du eta ikustekoa izango da. Azken asteetan Santa Barbara elkartean burubelarri ensaiatzen aritu ostean, burrunba egiteko ordua iritsi da gaur gaueko 23:00etatik aurrera helduekin eta 24an goizeko hamaiketan