Noiz etorri zinen Hernanira?
Oso gaztetxoa nintzela iritsi nintzen Euskal Herrira. 1960ko hamarkadan etorri nintzen nire gurasoekin eta hasiera batean Ergobian bizi izan ginen. Garai hartan Cacereseko jendeak beraien etxeetan egiten zien harrera etorri berriei, eta gu haietako batzuk izan ginen. Ondoren, zortzi urte nituela Hernanira etorri ginen, eta gaur arte hemen bizi izan gara. Nire aita izan zen etorri zen lehendabizikoa, eta bateria elektrikoak egiten ziren fabrika batean egin zuen lan, Florida auzoan. Handik hilabete batzuetara ama eta senideak etorri ginen.
Zeintzuk izan ziren gurera etortzeko arrazoi nagusiak?
Gu izan ginen emigratu genuen lehenetarikoak eta etortzearen arrazoia berbera zen guztiontzat; lan bila etorri zen jendea, etorkizun hobe baten bila, alegia. Cacerestik hamabost bat kilometrora dagoen herri batean bizi ginen, Torreorgazen. Nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritutako ekonomia zen hangoa, eta Euskal Herriko industria arloan lana zegoenaren berria berehala zabaldu zen. Familia ugari euren sorterria atzean utzi, eta Hernanira etorri ziren. Asko dira Torreorgazen familia duten hernaniarrak.
Nola egokitu zineten egoera berrira?
Esan bezala, nire aita lanean hasi zen iritsi bezain laster eta familia sostengatzeko behar genuen dirua lortzen genuen. Ondoren, nire amak mertzeria bat ireki zuen Zikuñaga auzoan eta aurrera egin genuen. Nire kasuan, Biteri eskolan hezi nintzen lehenik eta ondoren institutura joan nintzen. Baina hamabost urterekin ama gaixo jarri eta bere ardura nik hartu behar izan nuen. Gaur egun negozioarekin jarraitzen dugu.
Gaur egun ez, baina garaian langileen behar handia zegoen. Kontaiguzu nolakoa zen egoera?
Nik, esaterako, eskola eta lan orduak uztartu behar izan nituen hasieran eta gogorra zela onartzen dut. Ez zegoenez lan faltarik, jendeak lan bat baino gehiago egiten zuen, eta egunean hamalau orduko lanorduak egitera ere iristen ziren batzuk.
Nola aldatu da Hernani ordutik hona?
Gauzak asko aldatu dira. Garaian etorritako asko herrian integratu dira eta gure kasuan bezala seme alabak izan dituzte. Beste asko ordea, jubilatu eta sorterrira itzuli dira. Gaur egungo krisiaren ondorioz, lan aurkitzea ez da lehen bezain erraza eta beharbada gure seme eta ilobek atzerrira joatea besterik ez dute izango.
Zer iritzi duzu Extremadurako Jardunaldien inguruan?
Oso egokia iruditzen zait urtean behin gure sustraiak aldarrikatu eta festa giroan ospatzea. Extremaduran dauden gauza on guztiak jendeari ezagutaraztea interesgarria eta beharrezkoa ikusten dut.