Sekulako garaipena, Alcobendas egurtuta!

Kronika - Erredakzioa 2017ko mar. 13a, 01:00

Ikaragarria izan zen, atzo Hernanik jokatu zuen partidua. Aurreneko minututik erakutsi zuten trikoloreek, ez zeudela Alcobendasi erraz jokatzen uzte­ko prest... eta jokatzen ere ez zioten utzi!
Nagusi izan ziren hernaniarrak, lokaztutako Landareko zelaian, eta garaipen haundia lortu zuten (26-0), ligako hirugarren sailkatua egurtuta.

Presio haundia kontrarioari, hasiera-hasieratik
Borrokarako prest atera ziren trikoloreak, eta hasiera-hasieratik, presio haundia egin zioten kontrarioari. Alcoben­da­s­en zelaian jokatu ziren minutu gehienak, eta presio horri esker, talde madrildarrak ezin izan zuen eroso jokatu eskura, eta akatsak egin zituen, baita ostikoetan ere.
Eta ezin hobeto aprobetxatu zituen Hernanik, akats ho­riek. Igor Genuak lortu zuen aurreneko entsaioa, bederatzi­garren minutuan. Eta hortik aurrera ere, berdin jarraitu zuten, kontrarioari atseden tarterik eman gabe. Horrela iritsi zen bigarren entsaioa ere, Oier Garmendiaren eskutik, 24garrenean. Eta Genuak zigor kolpe bat pasa ondoren, hirugarrena ere lortu zuten her­naniarrek, atsedenaren au­rretik (18-0).
Atsedenetik bueltan, emai­tzari eustea zen hernaniarren lana, eta bikain aritu ziren. Alcobendas ezinean aritu zen bigarren zatian ere, eta Her­nanik, erasoko bonuserako falta zuen entsaioa lortu zuen, Jon Ander Insaustiren eskutik. Beste zigor kolpe bat ere, pasa zuen Anartz Elosegik.

Sailkapenean, 10garren
Atzoko garaipen horrekin, gainera, pauso haundia eman du Hernanik, sailkapenean. Cien­cias eta Bar­tze­lona atzetik utzi, eta 10ga­rren jarri da, Getxo hiru puntu aurretik duela.
Haiek baino partidu bat gutxiago dauka, gainera; datorren asteburuan jokatuko du­e­na, Gernikaren kontra, Lan­daren bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!