Aurreko asteartean izan zen Biterin Angel Rekalde soziologoa, Atxorrotxeko gaztelua, denboraren talaiatik dokumentala aurkezten, eta memoriagune garrantzitsu horri buruzko historia ezagutzera ematen.
Ba gaur, dokumentala bera jarriko dute Biterin, arratsaldeko 19:30etan hasita. Nabarraldek eta Hernani Errotzenek egin dute dokumentala, elkarlanean, eta bertan jaso dute, Atxorrotxeko gazteluaren historia; bereziki, 1200eko konkista.
Euskal lurraldearen historian, «erabakigarria»
Rekalde bera, Beñi Agirre hernaniarra eta Miren Mindegia kazetari nafarra arduratu dira dokumentalaren gidoiaz, dokumentazio lanaz eta ikerketaz.
Atxorrotxeko gaztelua da dokumentalaren erdigunea, eta hortik abiatuta jorratu dute 1200eko konkista, «euskal lurraldearen historian, erabakigarria izan zen pasarte historiko bat». Pasarte hori berreskuratzea zuten helburu, dokumentalean; hori bezala, beste memoriagune asko daudelako ahaztuta, Rekaldek berak azaldu duenez.
Hain justu, Atxorrotxekoa zen Gipuzkoako jatorrizko hiru lurralde edo tenentzietako bat, Ipuzkoa eta San Sebastian de Hernanirekin batera.
Dokumentalaren ondoren, solasaldia Orellarekin
Dokumentala egiteko prozesuan, partehartze aktiboa izan du Jose Luis Orella historialariak ere, historia aholkulari gisa. Eta gaurkoan, Biterin egongo da bera ere. Dokumentalaren aurkezpena egingo du Orellak, eta bukaeran, solasaldia egingo dute, berarekin.
Bertaratutakoen galderak eta zalantzak argituko ditu historialariak.