Datorren igandean, martxoaren 19an, egingo dute herri galdeketa Hernanin. Eta horren harira, parte hartzeko deia egin du EH Bilduk: «Bai bozkatzeko deia egiten dugu. Hernaniar independentista guztiei adierazi nahi diegu, oso garrantzitsua izango dela, independentziaren aldeko ibilbidean, galdeketan parte hartzea eta independentziaren aldeko emaitza haundia eta zabala lortzea», adierazi du.
Izan ere, nabarmendu du EH Bilduren proiektua, «proiektu independentista» dela: «Euskal Herria independentea nahi dugu, burujabe izan nahi dugulako, eta gure herriaren etorkizuna gure esku nahi dugulako». Eta zentzu horretan, nabarmendu du «garaia dela independentziaren aldeko bidea azkartzeko, Euskal Herriak bere ahotsa izan behar duelako nazioartean. Ez gara inor baino gehiago; gainontzeko herrialde independenteek bezala, gure buruaren jabe izan nahi dugu, justizia sozialean oinarritutako gizartea eratzeko, gizon eta emakume libreen gizartea sustatzeko, gure baliabideak guk kudeatzeko...», adierazi du.
Eta uste du, baita ere, independentzia lortzeak tresnak emango lituzkeela euskera sendotzeko: «gure hezkuntza eredu propioa, gure politika kulturalak, euskal herritarrek finkatu eta erabaki behar ditugulako».
«Herritarrak dira bide horretan protagonista»
«Hamaika dira arrazoiak», EH Bilduren ustez: «azken finean, uste dugu euskal herritarrok hobeto biziko ginatekela, Euskal Herri independente batean».
Eta bide horretan, garbi dauka herritarrak direla protagonistak: «Euskal Herria behetik gora eraikiko da, edo ez da eraikiko. Horregatik dira garrantzitsuak, herri mugimenduak antolatutako galdeketa hauek. Kataluniak edo Eskoziak erakutsi digute, gaur egun independentzia lortzea posible dela. Herritarrak martxan jartzen direnean, dena da posible. Aurrera denok!», animatu ditu herritarrak.