Herri galdeketa baino astebete lehenago, bihar, ekitaldia antolatu du Independentistak sareak, Hernanin. Tilosetan izango da, eguerdiko 12:30etan hasita, Euskal Errepublikari Bai deitu duten ekitaldia.
Horixe baita helburua, herri galdeketari babesa erakustea, eta «Euskal Estatu burujabearen eta Euskal Errepublikaren alde» egitea.
Txutxi Ariznabarretaren hitzaldia, tartean
Ekitaldiaren barruan, hainbat ekintza antolatu dituzte. Besteak beste, bertsolariak, dantzariak eta musikariak izango dira Tilosetan, eguerditik aurrera. Gero, Euskal Errepublikari Bai esateko hamaika arrazoi aurkeztuko dizkiete, bertaratutako guztiei.
Eta azkenik, hitzaldia eskainiko du Txutxi Ariznabarretak, Independentistak sareko bozeramaileak.
«Egundoko ariketa demokratiko erraldoiaren erdi-erdian gaude»
Independentistak sareak adierazi du, iazko Aberri Egunak aro berri bat zabaldu zuela, erabakiarena; eta garai horretan bete-betean sartuta gaudela: «herri galdeketen olatu haundi bat dator udaberrian, 150 herri ingururekin. Egundoko ariketa demokratiko erraldoiaren erdi-erdian gaude, eta txalotzen dugu Gure Esku Dago ekimenaren lana».
Horregatik ari dira ekimen ugari antolatzen, herri galdeketak burutzen diren herrietan. Partehartzea bultzatu nahi dute, baina aldi berean, Euskal Herriaren etorkizunari buruzko eztabaida sustatu ere bai.