Hernanin egongo dira gaurtik, asteazkenera bitarte, Londres (Inglaterra), Iasi (Errumania), Riihimäki (Finlandia) eta Bormioko (Italia) ikasle eta irakasleak. Erasmus+KA2 Be well proiektua lantzeko, aurreneko topaketa izango da, Hernani Institutukoekin batera egingo dutena. Bi urteko proiektua da, eta hernaniarrek, Italia bisitatuko dute maiatzean, Finlandia urrian, Inglaterra 2018ko urtarrilan, eta Errumania maiatzean.
Oraingo honetan, bertako ikasleek hartuko dituzte etxean, etorritakoak.
Proiektuaren gaia da, Europar ongizatea eraikitzen, bizitzarako ikasi; eta helburu nagusiak dira, ikaskuntza-irakaskuntza teknika berritzaileen kalitatea hobetzea, ongizatea hobetzea ekimen inklusiboak bultzatuz, eta identitate europarra garatzea, herrialde bakoitzeko ezaugarriak ezagutuz.
Plan ugari, egun hauetan
Helburu horiekin etorri dira bisitan, eta egun hauetarako, plan ugari prestatu dizkiete. Gaur bertan, bisita gidatua egingo dute herrian: ongietorria emango diete, elkar ezagutzeko jokuak egin, eta ibilaldia Santa Barbarara.
Bihar, berriz, Zumaiara egingo dute txangoa; etzi, eskolen aurkezpena egingo diote elkarri; asteartean, Orona Ideo bisitatuko dute; eta asteazkenean, azkenik, Bilbora joango dira. Bertatik egingo dute buelta bisitariek, beraien herrialdeetara.