ASTIGARRAGAKO Udal Gobernuak, asteazkenean, izandako Obrak eta Zerbitzuetako batzordean aurkeztu du Astigarragan hiru txakur toki egokitzeko proposamena. Ekimen honen bidez, azken urteotan txakur kopuruaren gorakada dela eta kalean sortu diren arazoak konpondu nahi ditu Udal Taldeak. Izan ere, Udalaren iritzian «nabarmena da txakur jabeek arauen betebeharraz daukaten ezagutza falta». Txakurrek bere egin beharrak parkeetan egin ahal izango dituzte..
Sentsibilizazioa kanpaina martxan jarriko du Udalak ordenantza ezagutarazteko
Astigarragako Udalak sentsibilizazio kanpaina martxan jarriko du abereak edukitzeko ordenantza ezagutzera emateko. Informazio-eskuorria buzoneatuko da ordenantzak aurreikusten dituen arauak eta jabeen betebeharrak zabaltzeko.
Udaltzaingoak oraindik zehaztu gabeko epe batean ordenantzaren urraketaz ohartuko die jabeei, gero, jardunbide desegokiak jarraituko balute, zigorrak jartzen hasteko.
Kokapenak eta arauak
Hiru txakur-parke egokitzea aurreikusten du Udal Gobernuak, herriko leku ezberdinetan. Lehenengoa, Ergobiako errotondaren ondoan, gaur egun erdi-hesituta dagoen berde gunean. Bigarrengoa, Arrobitxulon, bertako ezponda egonkortzeko lanak egiten direnean; eta hirugarrengoa, Astigarragara sartzeko errotonda nagusiaren ondoan, Donostia ibilbidean, bidegorriaren parean. Azken hau izango da gunerik handiena.
Udalak zakar-ontzi bereziak jarriko ditu txakur-tokien inguruan, eta baita poltsak hornitzeko puntuak ere.
Era berean, jabeak txakurren portaeraz arduratu beharko dira bai txakur-tokietan bai kalean, eta arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak muturrekoa eraman beharko dute ezinbestean.