Emakumeen Eguna izan zen pasa den martxoaren 8an, baina berdintasuna lortzea gizarte osoaren lana da. Edo ez? Zertan laguntzen du lan horretan Izan Gizon taldeak?
Bai, guztion zeregina da. Izan Gizonek urteak daramazki gizonaren perspektiba eta posizioak zein behar duen argitzen. Denboran zehar, gizonok eduki dugun papera etengabean zalantzan jarri izan dugu, orainean eta etorkizunean paper berri eta justuago bat eduki dezagun, modu horretan gizartean eraginez.
Feminismoak gizonei zer eskaini ere baduela uste duzue?
Bai, zer eskaini haundia digu. Izan ere, feminismoak historiaren bilakaeran ekarri dituen aldaketek, gizontasunaren aldaketak ekarri ditu nahitaez. Guk, gizonok, gizartearen parte garen heinean, gizarte justuago eta parekideago batean bizitzeak, guri ere on egiten digu. Emakumeek, beraien korapiloak askatu ahala, gizonoi ere gureak askatzen laguntzen digu.
Duela 11-12 bat urte Izan Gizon taldea sortzean, gizarteak gizonei ematen dizkien rolak aldatzeko premia sentitu zenuten. Zein dira rol horiek?
Galdera oso sakona da. Guk uste dugu, gure gizarte sistema honetan, inguruak baldintzaturik, gizonok ezaugarri jakin batzuk garatu behar izan ditugula, berez, norbanakoaren berezkotasunarekin bat ez zetozenak, baina ezarriak izan direnez, gure egin ditugunak. Gure kulturan, emakumeen gainetik ezarri beharra, sentiberatasun eza, beti gogor eta indartsu mantendu beharra, lanarekiko dependentzia, ondasunek ematen diguten ustezko balioari loturik egotea, beste gizonekin lehiatu beharra... gizonaren ezaugarrietako batzuk dira, uste dugunak, une jakin batean egokiak gerta daitezkeen instrumentuak direla, baina norbere ezaugarri iraunkor bilakatzen direnean, oso kaltegarriak direnak.
Oraindik ere ausart, konpetitibo, indartsu… agertu behar dute gizonek gizartean? Ala sumatzen duzue aldaketarik?
Aldaketarik nabaritzen da, gizarteari begiratzeko moduan, nahiko begirada positiboa dugu baina oraindik ere, zer hobetu asko dagoela uste dugu eta Izan Gizon taldea, bere txikitasunean horretan saiatuko da.
«Izan Gizonek gure barrua, kanpo epairik gabe ‘biluzteko’ aukera ematen digu»
Taldean parte-hartzeak norberaren jarrerei buruzko hausnarketa egiteko ere balioko dizue. Zertan aldatu duzue zuen jarrera edo pentsamoldea?
Lehenik eta behin, aipatu behar da Izan Gizonek gure barrua, kanpo epairik gabe biluzteko aukera ematen digula. Hau soilik, gizon batentzat arnasgunea da eta beharrezkoa. Horrez gain, hemen hausnartzen ditugun gai ezberdinek zer pentsatua eta aldatua ematen digute eta azkenean, hori gure eguneroko bizitzan nabaritu egiten da.
Eta taldean ikasitakoa taldetik kanpo transmititzeko aukerarik izaten al duzue?
Gure egunerokoaz gain, badugu ilusioa gure mezuak talde honetatik kanpo zabaltzeko eta gizarteari begira lanketa bat egiteko. Agian, hori izan daiteke gure ahulezi haundiena. Azken urte eta erdi honetan, aldaketa haundiak jasan dituen taldea dela eta kanpora begirako irtetea izan da gehien kosta izan zaigun alorra. Hala ere, horretan hobetu nahian gabiltza eta baditugu egitasmo ezberdinak buruan hurrengo denboraldietarako.
Emakumeen Etxea sortzeko parte-hartze prozesua egin da Hernanin. Hartu duzue parte bertan? Zein harreman duzue berdintasunaren alde lan egiten duten gainontzeko taldeekin?
Gure ahulezia haundiena Hernaniko jende gutxi gaudela da talde honetan, eta ez da erraza gertatzen gure dinamikatik aparteko lanetan parte-hartzea, berez ezin izan dugu proiektu honen sorreran lagundu.
Hala ere, Hernanin feminismoa egiten ari den lana oso egokitzat jotzen dugu eta gure babes guztia azaldu diegu eta azaltzen jarraitu nahi diegu aurrerantzean ere. Izan ere, Feminismoan areagotzea guztion zeregintzat ikusten dugu eta gure lana eta babesa adierazi nahi dizkiegu horretan dabiltzanei. Zer da beharrezkoagoa; talde horiek guztiek
elkarrekin lan egitea, edo talde bakoitzak bere sektorean behar diren lanketak egitea?
Zalantzarik gabe elkarrekiko sinergiak ekarriko du eraginkortasunik haundiena eta gure ilusioa eta interesa alderdi horretarantz joango da aurrerantzean ere. Aldi berean, bakoitzak bere lanketa propioak egiteko edo ikuspegi zehatzak jorratzeko talde ezberdinen aportazioa argi ikusten dugu.
«Gizon ezberdinengana iritsi nahi genuke gure lanaren berri emateko eta talderako gonbita egiteko»
Zein dira Izan Gizon taldearen erronkak edo etorkizun hurbil bateko helburuak?
Gizontasunari buruz hausnartzen jarraitu nahi dugu eta gure taldearen barnean lanketa ezberdinak egiten. Horrez gain, gure helburu bezala daukagu gizontasunarekin erlazionatutako ekintzaren bat antolatzea Hernanin ikasturtea bukatu aurretik. Modu berean, Hernaniko gizon ezberdinengana iritsi nahi genuke gure lanaren berri emateko eta talderako gonbita egiteko.