datorren martxoaren 25erako antolatu du Mendiriz Mendi elkarteak hurrengo ibilaldia; Montoria-Cocinas (1.181 metro)-Abalos zeharkatuko dituzte, 4 ordu inguruko ibilaldian.
Mendiriz Mendik proposatzen duen ibilbide honek, Errioxako eremu lehor eta iparraldeko mendien artean muga osatzen duten mendateak zeharkatzen ditu. Gaur egun mendate hauek garrantzia galdu dute, baina lehen Errioxa eta Arabako lautadaren arteko komertzio harremanetarako asko erabiltzen ziren, eta garrantzia haundikoak ziren. Ibilbidearen zati haundiena baso barrutik egiten da, eta Montoria eta Abalos herrietako eremutik gertu soilik mugituko da basotik kanpo.
De la Rosa Amabirjinaren
santutegia, ibilbidean zehar
Ibilbidean zehar, harribitxi kulturalak ere aurkitu daitezke. Horietako bat da De la Rosa Ama Birjinaren santutegiarena. Bere hondakinetatik igaroko dira Mendiriz Mendiko kideak; santutegia ia osoa erorita dago, baina oraindik bi hormek zutik irauten dute; horietako bat da XVIII. mendeko portada. Arku bat eta hiru okulo ditu, hau da, forma zirkularra edo obalatua duten leihoak.
Santutegiaren inguruan, Abalosen dagoen kondaira batek dio XV.mendearen erdi aldera, jaiotzez mutua zen artzain batek orain santuegia dagoen tokian arrosa bat aurkitu zuela. Negua zenez, arraroa egin zitzaion hori aurkitzeak, baina lorea jaso bezain pronto ahotsa berreskuratu zuen. Eta segituan, herrira jaitsi zen gertatutakoaren berri ematera.
Herriko jendea lorea zegoen tokira igo zenean eta bertan induskatu zutenean, leize bat aurkitu zuten. Leize horren ondoan musulmanen garaian gordetako Amabirjinaren tailu bat zegoen. Hori dela eta, toki horretan santutegia eraikitzea erabaki zuten. Santutegia Lehenengo Gerra Karlistan erre eta erraustu zen.
Montoria herritik, baita ere
Abalos eta santutegiaz gain, irteerak ere, Montoria herrixka ezagutzeko aukera ematen du. Aukera ematen du, beraz, horrelako paraje eder eta isolatuetara hurbiltzeko, eta Euskal Herriko txoko zoragarri hauek ezagutzeko. Bertan hasiko da, hain zuzen, ibilbidea.
Herriko eliza izango da abiapuntua; bertatik aterata, Calle Real kalea jarraitu behar da hegoaldera eginez. Herri osoa zeharkatu eta iturria eta aska haundi baten albotik pasa ondoren, pista zabal batera irteten da. Pistari jarraitu behar zaio eta 10 minututan, erreka zeharkatu eta berehala, bidegurutze batera iritsiko gara. Eskubiko pista hartuko dute Mendiriz Mendiko kideek bertan, Barranco del Puerto izeneko bidea jarraituz.
Orduan, bidea igotzen hasten da eta zertxobait aurrerago, pagadian sartzen da. Ezkerrean erreka utzita, bideak gora egiten du baso barrutik. Zementuzko biltegi baten albotik pasa ondoren, eskuinera egiten duen pista hartu behar da. Pista horretatik 150 metro inguru egin ostean, 180 graduko norabide aldaketa egin eta ezkerrera jo behar da. Bide berri honetatik 250 m etrora, mendate batetara iritsiko da bidea, Osluna da hura.
Atxabal mendiaren jaiotza
Atxabal gailurra eskuinean utziz bideari jarraitu beharko da, ondoren, ia gorabeherarik gabe, Portillo de Ataun izeneko mendatera iritsi arte. Hemen jaiotzen da, hain zuzen, Atxabal mendira igotzeko bidea. Bidea igotzen hasi eta ehun metrotara aurkitzen da Ataungo leizea edota Atxabalgo dolin haundia izenarekin ezagutzen den egitura karstikoa.
Atxabalgo gailurra igo gabe, pistari jarraitu beharko zaio bere bi aldeetan mugarri batzuk aurkitu arte; hemen hasten da Cocinas gailurrera igotzeko bidea. Desnibela oso txikia da eta 10 minututan gailurrera iristen da. Gailurra bitxia da zuhaitzez inguratuta dagoelako eta bertatik ez delako gauza haundirik ikusten.
Hortik, pistara berriro jaitsi eta aurrera egin behar da. Ordu laurdenean De la Rosa mendatera iristen da, eta eskuinera egin behar da Abalos aldera jaisten hasteko. Mendizerraren hego magaletik jaisten hasi eta bost minutura bidegurutze batekin egiten da topo. Berriz ere, eskuinera hartu beharko da, eta hamabost minutu inguru pasata, De la Rosa Ama Birjinaren santutegiara iritsi daiteke.
Bertara iritsita, Mendiriz Mendiko kideek aprobetxatuko dute santutegian zehar bisitatxo bat egiteko. Ondoren, jaisten jarraituko dute, eta berehala De la Rosa iturri zaharraren albotik igaroko dira. Iturri horrek, ordea, gaur egun ez du erabilpenik, zertxobait beherago, pistaren alboan, beste iturri berri bat jarri dutelako. Iturri berriak goiko iturri zaharretik jasotzen du ura.
Egarria asetu ondoren ibilbidearen azken zatiari ekingo diote. Puntu horretatik amaierara arte dena pistatik egiten da, beraz, ordu erdi eskasean ibilbidearen amaieran, Abalos herrian izango dira.
Datu Interesgarriak
MONTORIA – COCINAS
(1.181 m) - ABALOS
Non kokatzen da: Kantabriako mendizerran, Araba eta Errioxa arteko mugan
Luzera: 11 km.
Denbora: 4 ordu.
Desnibel metatua: 400 metro gorantz, eta 500 metro beherantz.
Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
Beharrezko materiala:
Mendiko material arrunta.Mendiriz Mendik
martxoaren 25ean egingo du
irteera hau.