Auzolanerako deia egin zuten larunbatean, Karabelekoko lurretan, eta bai ondo erantzun, herritarrek! Hogei lagun baino gehiago elkartu ziren, hezegune bat prestatu eta bertako fauna eta flora berreskuratzeko asmoz. Hiru taldetan banatu ziren: talde batek, garai bateko mintegi bateko zakarra jaso zuen, eta urki, astigar eta altzak aldatu zituen; beste batek, anfibio eta narrastientzako babeslekuak sortu zituen, enbor batzuk moztuz eta hezegunearen inguruan jarriz; eta hirugarren batek, txabola baten eskonbroak bildu zituen gaika. Gero, denak elkartu eta bi hitzaldi jaso zituzten: Ion Garinek azaldu zuen, zertarako ari diren hezeguneak sortzen; eta Iñaki Mezkita, horien garrantziaz mintzatu zen. Ondo merezitako hamaiketako bat ere egin zuten! Hezegunea prest dago, beraz, eta orain geratzen dena da, naturalizatzeko prozesua.