Otsailaren 25ean abiatu zen Donostiatik, Saharara bidean, XIII. Euskal Karabana. Guztira, sei trailer, kamioi bat, anbulantzia bat eta bi autobus dira, Tindufeko Errefuxiatu Kanpamenduetara bidean jarri direnak. Horietan, 220.000 kilo elikagai eraman dituzte, Euskadi osoan bildutakoak; eta horietatik 6.250 kilo, Hernanin.
Horregatik, Hernaniko Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie, kanpainan lagundu duten guztiei: «iaz baino 1.250 kilo gehiago izan dira, eta aurten ere, bi palet arropa bidali ditugu, eta sei kaxa medizina eta eguzkitako kremekin. Benetan, eskerrik asko, krisi garaian ere, eskuzabaltasun hau erakusteagatik. Hernaniar guztiei, gure eskerrik beroena adierazi nahi diegu, Saharako herritarrekiko euren elkartasuna agertu dutelako. Baina bereziki, janari bilketa honetan aktiboki parte hartu duten pertsona eta erakundeei eman nahi dizkiegu eskerrak; horien artean, herriko ikastetxeak, supermerkatuak, farmaziak eta kultur etxea».
‘Oporrak Bakean’, martxan
Orain, Oporrak Bakean programarekin jarri dira lanean. Uztailean eta abuztuan, haur saharar bat etxean hartzeko aukera eskaintzen du.
Helburua da, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian, 100 harrera familia berri lortzea, 2016an etorri ziren haur kopuru bera etortzeko aurten ere. Horregatik, hernaniarrak animatu ditu Udalak, programan parte hartzera, harrera familia bezala.