Txikitatik ezagutu du bola, gertutik ezagutu ere, Nagore Miner ereñotzuarrak: «ama lanean izaten zen, eta beraz, aita eta anaiarekin beti joaten nintzen bolatokira. Mania pixka bat ere hartu nion!», kontatu digu. Haurrentzako txapelketetan ere, hartu zuen parte berak, «saltsan ibiltzen ginen pixka bat».
Baina gerora utzi egin zuen, eta orain bi urte heldu zion berriro, Villabonatik deia jaso zuenean: «emakumeen talde bat sortu zuten, eta animatzeko esan ziguten niri eta Josune Uzkuduni». Taldekako eta bikotekako txapelketetan aritu dira biak ordutik.
«Hasi nintzenean, batzuk emozionatu ere egin ziren, han ikusita. Txikitatik ezagutzen ninduten, aitarekin joaten nintzenetik, eta berriro han ikustea, botatzen... Polita izan zen», gogoratu du.
«Denak gizonezkoak eta edadekoak izanda, zaila egiten zaizu sartzea»
Minerrek badaki, zaila dela emakumeentzat, bolan hastea: «denak gizonezkoak eta edadekoak izanda, zaila egiten zaizu sartzea. Badakizu nolakoak diren, denak aholkuak ematen eta...». Errazagoa eta erosoagoa izan zen beretzat, emakume talde batekin hastea.
Eta horregatik, animatu nahi dituzte Ereñotzuko emakumeak, bolan hastera: «ea emakumeen talde bat sortzen dugun Ereñotzun. Taldean joatea politagoa da, beste plan batean zoaz». Eta horretarako, bolatokia berrituko dutela aprobetxatuz, nahi dute antolatu hitzaldi edo prestaketa saioren bat.
Minerrek berak, aurten Ur Miarekin bota du taldekakoan: «esan nien haiekin egiteko federazioko fitxa, denak gizonezkoak ez izateko taldean, eta ea horrela Ereñotzuko emakumeren bat gehiago animatzen den», azaldu du.