Goizeko bederatziak pasatxo zirela ireki zituzten hauteslekuak Hernanin, Ereñotzun eta Astigarragan, atzo. Elvira Lizeaga, Hernaniko Gure Esku Dago-BagaGiltzako bozeramaileak herritar guztiak gonbidatu zituen parte hartzera hasierako ekitaldian; «erabakitzeko eskubidea daukagu, eta eskubide hori erabiltzea da garrantzitsuena».
Egun osoan zehar hainbat ekitaldi izan ziren bi herrietan, eta sistema informatikoak ezustea eman arren, festa giroan joan zen eguna.
Ia %25eko parte-hartzea, Hernanin
Hernanin, guztira 17.168 herritar zeuden bozkatzera deituta, eta horietatik, 4.253k hartu zuten parte; %24,77ak.
Parte hartu zutenek galdera bakarrari erantzun behar zioten: Nahi al duzu Euskal Herria errepublika burujabea eta independentea izatea? 4.113 herritarrek baiezkoa erantzun zuten; 81ek ezezkoa; 47k boto zuria eman zuten; eta 12 boto baliogabe kontatu ziren.
Eguna festa giroan joan zen. Goizean zehar esku pelota partiduak, trikitilariak, abesbatzaren eta txistulari eta albokarien emanaldiak... izan ziren. Arratsaldean ere, aerorunba, mural margoketa, musika emanaldiak... izan ziren.
Astigarragan, %20ko parte-hartzea
Astigarragan 4.768 ziren bozkatzera deitutako herritarrak atzo, eta 953k hartu zuten parte; %19,99k. Guztira, 916 baiezko boto jaso ziren; 26 ezezko, 3 zuri eta 8 baliogabe, Hernanin egindako galdera berari erantzuteko.
Hemen ere festa giroa izan zen nagusi: bizikleta martxa, pintxoak, kale futbola, eskulanak, abesbatzaren eta bertsolarien emanaldiak, aerorunba, eskulanak...
Arazoak, sistema informatikoarekin
Festa giroa nagusi izan bazen ere, sistema informatikoarekin arazoak izan ziren goizean zehar. Horregatik, Hernanin ordu batzuetan Tilosetako hauteslekuetan bakarrik izan zen bozkatzeko aukera, eta Astigarragan, Joseba Barandiaran plazakoetan.
Eguerdiko 14:00ak alderako konpondu zuten arazoa, ordea, eta normaltasunez bozkatzen jarraitzeko aukera izan zen ordura arte.