Kartzelan zeundeten ETAk jarduera militarra behin betiko utziko zuela iragartzean. Nola bizi izan zenuten une hura?
G.L.: Alde batetik, itxaropena sentitu nuen, eta bestetik, ziurgabetasun moduko bat. Itxaropena, ETAren erabakiak ate eta aukera berriak irekiko zituelako ustea nuelako, eta ziurgabetasun sentsazioa ate eta aukera berri horiek zein epetan eta nola irekiko ziren ez nekielako. Bost urte baino gehiago pasatu dira eta gure aurreikuspenak ez dira bete, adibidez, gatazkaren ondorioetan. Baina estatuek urteotan konponbiderako inolako pausorik eman ez izanak argi eta garbi utzi du guk bake eszenatoki bat nahi dugula Herri honentzat, eta haiek ez dutela bakerik nahi; eta horrek aukera haundiak ematen dizkigu etorkizunera begira.
Sentimendu horietan mugildurik, Ekainekin gogoratu nintzen, Kontxi Santxizekin, Pastelerorekin, Indiorekin, Naparrarekin, eta Euskal Herriaren aldeko borrokan bidean gelditu zaizkigun gainontzeko kide eta lagunekin. Haiengatik eta guztiongatik Euskal Herriaren askatasunaren aldeko sugarra bizirik mantendu behar dugula pentsatu nuen.
Zertan aldatu da egoera ordutik?
U.F.: Hernanin errepresioak oso gogor jo du hamarkadetan, eta halaber, errepresioari emandako erantzuna ere gogorra izan da. Espresio biolentoak askotarikoak izan dira, zenbaitetan herritarrek aurrez aurre elkarren aurka egiteraino. Gaur, aldiz, biolentzia desberdinen ondorioak pairatutako kolore guztietako pertsonak Errioguardan irudikatu gisako argazkietan elkarrekin ikusi ahal izan ditugu. Ezinezkoa litzake hori, ez balego Hernaniko jendartearen aldetik borondate bat elkarbizitzan aurrera egiteko. Zoritxarrez, ez dut borondate bera ikusten Madrilgo gobernutik. Presoen egoera edota gure senideena, adibide garbia da. Segitzen du euskal herritarron hitza eta borondatea mespretxatzen. Hori bai, agerikotzen ari da.
2015 eta 2016an Abian eztabaida prozesua bizi izan du Ezker Abertzaleak. Nola ikusi duzue?
U.F.: 50 urtetako estrategia zehatz bat goitik behera aldatzeko trantsiziorako egituraketak behar izan dira. Alta, Euskal Herrian aro berri bat zabaltzen ari da, XXI. mendeko Euskal Herria. Eta Ezker Abertzaleari XXI. mendeko Ezker Abertzale berria eratzeko unea ere heldu zaio. Honekin batera, Madrildik ezer onik etorriko ez dela gero eta zabalduago dago. Nire ustez, trintxeretatik atera, batzera jo, eta herria martxan jarri behar dugu: desberdinen arteko elkarlana, herri honen etorkizuna guztion artean erabaki eta guztiontzat eraiki dezagun. Uste dut gero eta zentzuzkoagoa izango dela independentzia berritzaile eta aurrerakoi bat.
G.L.: Elkarrizketa hau aprobetxatu nahi dugu Hernaniko Ezker Abertzaleari eskerrak emateko, Abian prozesuan herriko presoen parte-hartzea ahalbidetzeagatik.
Eta EPPK egiten ari dena?
U.F.: Nire ustez, zinezko bakea eta eraiki beharreko elkarbizitza ezin da ulertu presoak ere etxean izan gabe. Badakigu batzuentzat ‘egin delituak’ ordaintzea dagokigula. Eta ordaindu, zinez ari gara ordaintzen. Gure ustez, ordea, ez gaude kartzelan delituak burutzeagatik. Hala balitz, euskal auziari lotuta Guardia Zibil, epaile eta politikariz josirik ere behar lukete espetxeek. Ez da hori bilatzen duguna. Uste dut denoi dagokigula iraganaz hausnartzea, bakoitzak bere ardurak ezkutatu gabe, baina etorkizuna eraikitze aldera. Bada, guretzat hil ala bizikoa da herriarekin konektatzea, gure hausnarketak kanporatu, baina herriarenak ere barruratzeko, elkar aintzat hartu eta bidea elkarrekin egiteko. Hor dago giltza. Eta uste dut jendarte zibilak Luhuson emandako lezioa ipar, marraztu berri dugula bidea. Berdin Altsasun, Usurbilen edo Bilbon. Eta bide horretan, legeari lotuta borroka juridikoa parez pare zabaltzea aztertzen ari gara. Aitzakien igerilekua hustera goaz.
G.L.: Prozesu independentistari gure ekarpena egin nahi diogu. Hori da gure helburua.
Iristen zaizue elkartasuna? Zer egin beharko luke gizarteak presoen egoera hobetzeko?
G.L.: Bai, zorionez. Preso batentzat elkartasuna oxigenoa bezain garrantzitsua dela. Elkartasunak ematen digun indarrarengatik izango ez balitz, ezinezkoa izango litzateke euskal preso politikooi ezartzen zaizkigun muturreko bizi baldintzei (gradurik gogorrenak, dispertsioa, komunikazioen interbentzioa, espetxe barruan jarraipen berezia…) aurre egitea.
Gure senitartekoek ere herri babesa eta elkartasuna jasotzea oso inportantea da, haiek baitira dispertsioak eragiten dituen kalteak (ekonomikoak, psikologikoak…) modu gordinenean pairatzen dituztenak. Eta kalte ekonomikoa azpimarratzen dut, dispertsioak gastu ikaragarria sortzen duelako gure etxeetan.
Gure egoera hobetzea nahi duten herritarrek egin dezaketen ekarpenik eraginkorrena presoon aldeko ekimenetan parte hartzea da. Herri aktibazioa behar da dispertsioarekin amaitzeko lehenbailehen, eta presoak kaleratzeko ahalik eta azkarren.
U.F.: Aitortu beharra dut, kartzelak, elkartasun humanoaz-edo, nuen ideia aldatu didala. Zer dependiente garen nonahi. Zer balore duen pertsonarekiko elkartasunak.
Zer da gogorrena, kartzelan?
U.F.: Elena Beloki aske gelditu zenean ‘anputatu’ hitza erabili zuela uste dut. Anputatuak bizi funtzioak eta sozialak, nioke. Gainera, erresistentziara prestatzerakoan hamaika oskola eratzen dugu gure gainean, eta uste dut gure izateak (bere zentzurik zabalenean) aitortu ohi duguna baino kalte gehiago jasaten duela. Araitz Zubimendi ere asegabeko behar emozional eta afektiboez mintzo zen. Hozkailu hauetan emozioak kudeatzea ez da erraza, eta egoera gogorren aurrean benetako koadroak ikusi ditut: agurtzerik izan gabeko senideen galtzea, adinagatik ikusi ezin ditugun aita-amak, bikote harremanen konplikatze edo apurketak, amatasun edo aitatasun kamustuak edo ama-aita alboan ez dituzten umeak, bakardadeak, gaixotasun edo buruko gaitzen sortzea… Eta noski, zama hau eramangarria zaigu gure senideek arintzen digutelako, baina euren bizkarretan jasotzearen ordainetan. Nire bikotekidea (eta alaba) nola dabilen ikusten dut eta… Horrela, etxez etxe.
Kronika iristen zaizue?
G.L.: Etxekoek hilabetean behin kaletik sartzen diguten fardelean jasotzen ditugu. Plazer haundia da herriari buruzko albisteak irakurtzea, eta euskeraz, gainera.
Hernani asko aldatu dela iruditzen zaizue?
G.L.: Egia esan, Kronikan agertzen diren argazkiak ikusi eta batzuetan lekuak identifikatzea kostatu egiten zait. Ez ditut Zinkoenea berria, Atsegindegi berria, Txantxilla berria… ezagutzen, eta bertako argazkiak ikusten ditudanean haluzinatu egiten dut. Bistan da 13 urteotan Hernani ‘fisikoki’ asko aldatu dela, baina, egiari zor, niri aldaketa politiko eta soziologikoak interesatzen zaizkit gehiago. Hauteskunde emaitzak auzoz auzo aztertzen ditudanean, salbuespenak salbuespen, iruditzen zait denak nahiko berdintsu jarraitzen duela, baina handik eta hemendik entzuten dut herria oso aldatua dagoela.
Nik Kronika irakurtzen dudanean, Hernanik herri bizi bat izaten jarraitzen duela ikusten dut, egitasmo polit eta eraikitzaileak aurrera ateratzeko gai dena.
Zer esango zeniekete hernaniarrei?
G.L.: Gure herri anitza da, eta aniztasuna aberastasuna dela esango nieke. Gatazkak zauri asko ireki ditu Hernanin ere, eta zauri horiek sendatzen saiatu behar gara. Ariketa zaila da, kontuan hartu behar baita estatuek indarkeria erabiltzen jarraitzen dutela, baina ahalegina egin behar dugu. Itxi ditzagun zauriak eta oinarrizko adostasunak bilatu ditzagun etorkizuneko Hernani eta Euskal Herria eraikitzeko.
Eta hernaniar independentista eta ezkertiarrei esango nieke goiari eusteko. Gure Herriaren askatasuna helburu haundia da eta batzuetan dena aldapa gora jar-tzen dela ematen du. Baina, oztopo eta zailtasunen gainetik, prozesu independentista abian da. Indarrak bilduz eta aukera berriak sortuz, prozesu hau bururaino eramango dugu. Lortuko dugu!
U.F.: Zuoi, Kronikakooi ere zuzendu nahi gatzaizue, zinez gure esker ona adierazteko, muru hauek gaindigarri bilakatzen laguntzeagatik gure ahotsa Hernaniraino eramanez.