«Pena da, baina bizimodu indibidualista batera goaz, jendeak ez du parte hartzen»

Kronika - Erredakzioa 2017ko mar. 8a, 01:00

«Konturatu gara, indar haundia hartu duela proiektuak. Bereziki, emakumeen arteko batasun sare bat osatzen duen lazo kolektiboa da Matazak», dio Isabel Oterok, Harituz elkarteko kideak.
2011n hasi zuen bide hori Oterok, Astigarragako Udaleko Berdintasun Sai­leko buru izendatu zutenean. Emakume elkarte baten hutsuneaz arduratuta, esperientziaren eskola jarri zuten martxan, eta hortik sortu zen Harituz elkartea; Astigarragako emakume eta gizonen berdintasun eskola.
Matazak, berriz, 2014ko proiektua da: «zerbait berezia jarri nahi genuen martxan, azaroaren 25aren bueltan, eta otsailean hasi ginen lanean. Mundu osotik bidali zizkiguten zatiak, bufanda erraldoia osatzeko. Eta azaroaren 22an, udaletxeko balkoitik zintzilikatu genuen. Izugarria izan zen, oso polita», gogoratu du Oterok. Bufandak, dagoeneko, 3.000 metro baino gehiago dauzka orain.

Bufanda erraldoia, Cosladan gaur
Ordutik, makina bat bidaia egin ditu bu­fanda erraldoiak; gaur bertan, Cosladan dago, Madrilen. Asteburuan egon ziren bertan Harituzekoak, Berdintasunaren Martxan, eta bertan utzi dute bufanda, martxoaren 8rako. 
Elkarteko kideak, ordea, Astigarragan egongo dira, martxoaren 8a ospatzeko: «konpromisoa hartu dugu, zuhaitz bat morez biltzeko, Desioen Zuhaitza izango dena, Emaku­meen plazaren inaugurazioan; eta bertan, herri­tarrek beraien 2017rako desioak utzi ahal izango dituzte, txarteletan».

«Balore falta ikaragarria dago, errespetu falta izugarria, eta arazo hori etxetik dator. Familietan asko dago egiteko».

Harituzek ere badauka bere desioa: «eskerrak eman nahi dizkiegu proiek­tuan lagundu diguten Tunezeko ema­kumeei. Eta horretarako, oso zaila denez elkarte osoa bertara mugitzea, diru­la­guntza eskatu diegu Udalari eta Ema­kunderi, haiek ekartzeko Astigarragara, azaroan», azaldu du.

«Orain daukagun borroka, aurrera egitekoa baino gehiago, da atzera ez egitekoa»
Oterok uste du, martxoaren 8a «ema­ku­me guztion­tza­ko» izan behar dela «oso egun garran­tzitsua. Bereziki, bizi garen gizarte patriarkal honetan. Orain dau­kagun borroka, aurrera egitekoa baino gehiago, da atzera ez egitekoa», dio.
Eta aldarrikatu du, egunerokoan berdintasuna izateko borroka dela: «lanpostu berdinak eta soldata berdina, etxeko lanak banatuta egotea, haurren eta adinekoen zaintza ez izatea ema­ku­meen obligazio bat, konpartitua izatea... Eta estereotipoak aldatzea, jostailuen katalogoetan edota telebistako iragar­ki­etan bezala. Izan ere, haurrek, ikusten dutena imitatu egiten dute. Eta horre­tan guztiak filtroak jartzen ez dituzten bitartean, jai dugu. Berdintasunean hezi behar ditugu haurrak, ezinbestean, jaiotzen direnetik».
Garbi dauka Oterok, heziketan egin behar dela indarra: «balore falta ikara­garria dago, errespetu falta izugarria, eta arazo hori etxetik dator. Familietan, asko dago egiteko».

«Arazo oso larria daukagu sare sozialekin, sumisio rola hartzen dute neskek, mutilagunarekin jarraitzeko»
Eta aipamen berezia egiten die, sare sozialei: «konturatu gara, arazo oso larri bat daukagula sare sozialekin, gazteen kasuan. Whatsapparekin eta, kontrolatu egiten dituzte. Mutilagunak galdetzen dio neskari, non dagoen, norekin dabi­len, bidaltzeko argazki bat ikusteko nola dagoen jantzita, nola jantzi behar duen esaten dio... Amak egiten badizkie galdera horiek, astuna dela esango diote, beti berdin ari dela. Eta mutila­gunak galdetzean, erantzun. Zergatik berari bai? Konturatu gara, noraino hartzen duten sumisio rol hori neskek, mutilagunarekin jarraitzeko. Eta hori oso gogorra da», azaldu du.
Horregatik dio, heziketan eragin behar dela, eta erakutsi behar zaiela, libre direla, eta zoriontasuna bilatu behar dutela: «gizarteak erakusten digu perfektuak izan behar dugula, ikaske­tak eduki, ezkondu, seme-alabak izan... Eta ikusten baduzu ez duzula gizarteak eskatutako erritmo hori jarraitzen, orbitatik kanpo zaudela sentitzen duzu. Baina garrantzitsuena da zoriontsu izatea, hori da gure bizitzako helburua, eta kitto. Norberak bere zoriontasuna dauka, zoriontsu izateko modua. Utzi bakoitzari bizitzen, nahikoa dugu gu zoriontsu izatearekin, ez sartu besteen bizitzetan, ez esan zer egin behar duten», adierazi du Harituzeko kideak.

«Norberak bere zoriontasuna dauka, zoriontsu izateko modua. Utzi bakoitzari bizitzen, ez sartu besteen bizitzetan».

«Nahiko nuke berdintasunera iristea, baina orain bezala, ezer egiten ez den bitartean... Beherantza goaz»
Urruti ikusten du Oterok, oraindik ere, berdintasuna; eta egiteko, lan asko eta asko: «nahiko nuke berdintasunera iristea, baina horretarako, lan asko asko asko dago. Gizarte patriarkal batean bizi gara, gizonarentzako egina, eta guztiz aldatu beharko genuke. Eta orain bezala, ezer egiten ez den bitartean... Beherantza goaz. Jendea hain sartuta dago bere bizitza indibidualean, bere lan eta kargarekin, ez duela ekintzetan parte hartzen. Ez daukate indarrik, bes­te borroka batean sartzeko. Pena da, baina bizimodu indibidualista batera goaz».
Eta gizartea aldatzeko, legeak ere aldatu behar direla uste du: «duela bi aste sartu ziren kongresuan, talde feministetako 200 emakume, alderdi politiko guztiekin hitz egin, eta estatu hitzarmen bat osatzeko asmoz. Adostu zen, komisio bat egitea ate itxiekin, gaia lantzeko. Baina orain jakin dugu, PPk beste komisio paralelo bat daukala hori lantzeko. Orduan, zertan ari gara? Elka­rrekin gaude arazoaren kontra borro­ka­tzeko, edo ez? Ea zerbait lortzen dugun guzti honekin...».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!