Senegaldarra da Aminata Diop eta hernaniarra ere bai. «Apirilean lau urte egingo ditut Hernanira etorri nintzenetik», baino urte batzuk lehenago Bartzelonan bizi zen. Beraz hemengo eta bere jaioterriko emakumeen egoeraren berri ongi ezagutzen du. Hirugarren kurtsoa betetezen ari da Hernaniko AEKn, euskera ikasten, eta berak dioen moduan «pixkanaka» ari da euskeraren jabe egiten. Gainera AHMERen, bolondres, egiten du lan.
Euskal Herrian bezala Senegalen ere ospatzen dute emakumearen nazioarteko eguna nahiz eta «12 urte badaramazkit Senegaletik irten nintzenetik eta aldatu dira gauzak» Hala ere ongi gogoratzen ditu bere jaioterrian egiten zituzten ospakizunak. «Martxoaren 8a desberdin ospatzen da hemengoarekin alderatuta. Emakumeak kalera irteten dira, baina ez aldarrikapen bat bezala baizik eta bertan gaudela eta gauzak egiteko gai garelaren ikuspuntutik irteten dira. Emakumeak gara, gizakiak gara, gaitasunak ditugu... azken finean ikusarazi emakumea».
Senegalen gehiengoaren erlijioa musulmana da eta Aminataren ustez horrek agian emakume eta gizonen arteko berdintasunaz hainbeste ez hitz egitea ekartzen du. «Berdintasuna nahi dugu ez da aldarrikatzen. Gizonak bezala edozertarako gai gara isladatu nahi izaten da martxoaren 8an. Ez hainbeste berdintasunaren ideia».
Geurean erabiltzen diren termino asko ez dira arrotzak senegaldarrentzat. «Emakumearen ahalduntzeaz asko hitz egiten da hemen. Senegalen era bai, baina hitz egin baino gehiago egin egiten da. Ez da feminismoaz hainbeste hitz egiten baizik eta eguneroko bizitzan praktikan jartzen saiatzen gara. Adibidez, emakumea ekonomikoki independiente izaten saiatzen da eta gizonaren dependentzi hori ez izaten. Gehiago egin eta gutxiago hitz egiten da».
Senegalen emakume taldeek beraien tokiak bilatzen dituzte eta Aminata Diop lan talde horietako baten partaide zen. «Bilatzen dira eremuak. Auzoetan, kuadriletan biltzen dira, gauzak lortzeko finantzazioa bilatzen dute eta gizonak adina gaitasun edo gehiago badituztela erakusten saiatzen dira uneoro. Emakumearen eta haurtzaroaren ministerioa badago, emakume batekin buruan, eta martxoaren 8an irteerak antolatzen dira, desfile moduan, pankartekin Gai gara lelopean asko eta asko. Hori bai berdintasuna edo parekotasuna hitza ez da inondik ikusten».
«Afrikan dagoen ablazioaren arazoa puztu egiten da mendebaldeko gizartean. Badago, baina oso etnia konkretuetan».
Ikasketak uzten dira Senegalen
Lan merkatuan ere emakumeak badute Senegalen presentzia. «Etxetik kanpo lan egiten du, hemen bezala. Arlo guztietan daude eguneroko bizitzan txertatuta. Behin, neska batek galdetu zidan ea Senegalen badauden sendagileak eta nik ezezkoa esan nion, han emakume sendagileak zeudela erantzun nion».
Hezkuntza mailan emakumeak ikasketak hasten dituzte baina Aminataren esanetan «bertan bera uzten dituzte ezkontzeko edo etxearen zaintzan geratzeko».
Euskal Herrian oraindik ere gauza asko egin behar direla dio, «lan kontziliazioan esaterako. Emakumeak eta gizonak partekatu egin behar dituzte etxeko lanak. Gero ere soldaten gaia ere zuzendu beharrekoa da. Lortu arte aldarrikapenak eta borrokak jarraitu behar du».
Genero indarkeriaren gaian ere gauza asko dago egiteko. «Senegalen ere badago batez ere poligamiari lotua». Eta Aminata Diop afrikarra izanik ablazioa ere hitz gai bihurtzen da zalantzarik gabe. Mendebaldean horren inguruan desinformazio asko dagoela uste du Aminatak. «Ez dut ezagutzen ablazioa egin zaion emakumerik. Egiten da etnia konkretu batzutan, baina Mendebaldean puztu egiten da arazoa. Senegal guztitik asko bidaiatu dut emakume taldeetan lan egin dudalako, baina ablazioaren fenomenoa ezkutatuta dago. Hemengo sendagile batek esan zidan nere alabak Senegalera bidaiatzen bazuen kontuz ibiltzeko ablazioarekin. Esan nion ez dagoela arriskurik zentzu horretan. Mendebaldean beste herrialdeen errealitate asko desitxuratuta daude».
«Ez dugu lo hartu behar, azken urteetan gizon eta emakumeek eskubideak galdu ditugu»
Hori bai argi du emakumeen eskubideen babesak eta aldarrikapenak langileriarenarekin joan behar duela. «Elkartean bilduko gara erabakitzeko zer egin. Manifestaldian Hemen Gaude aldarrikatuko dugu. Emakumeak gara eta etorkinak. Horrek gure egoera oraindik ere zailagoa egiten du. Gehienak etxeko lanetan aritzen gara eta hor oraindik ere eskubideen urraketa haundiagoa izaten da. Ez dugu lo hartu behar eta borrokan jarraitu behar dugu, azken urteetan bai gizonezko eta emakumezkoak eskubideak galdu baitituzte».