Arely Muñoz nikaraguarra da eta bere herrialdean martxoaren 8a aspaldidanik ospatzen dela nabarmentzen du. «Gobernu Sandinistarekin gehiago ospatzen da oraindik ere. Garrantzi asko ematen diote ospakizunari. Managua izan oi da aldarrikapenen erdigunea eta manifestaldi haundienak bertan egiten dira. Horrek ez du esan nahi beste lekuetan egiten ez direnik. Alderantziz, herri txikiagotan eta beste departamentuetan ere kalera irteten dira emakumeak martxoaren 8an».
Ez da ahaztu behar Nikaragua izan zela emakume bat, hauteskunde batzuen ondorioz, estatuburu, gobernuburu eta presidente izendatu zuen ameriketako lehen estatua. Violeta Chamorro izan zen 1990. urtean.
Emakumeen eskubideen borrokan gauza asko dago egiteko bere herrian, baina egiten ari direla dio Arely Muñozek. «Gaur egungo lehendakari ordea emakumea da, Daniel Ortegaren bikotea, Rosario Murillo. Hala ere ez dut uste horrek emakumeen egoeran eraginik izango duenik. Violeta Chamorro ere eduki genuen presidente karguan».
Beti uste eta esan izan da gizarte latindarrak matxistagoak direla eta Arely uste horretakoa da, baina ñabardurekin. «Hezkuntza arazoa da. Agian zerbait matxistagoa bada, baina emakumea ez da isilik geratzen. Hernanin eduki genuen bilera batean neska batek esan zuen Latinoamerikan emakumeek gizonei edozer egiten uzten dietela eta hori ez da egia. Errespetua ere badago. Hezkuntzan esaterako parekotasuna dago».
«Nikaragua izan zen lehenengo presidente emakumea izan zuen Ameriketako herria. Violeta Chamorro».
Nikaraguan ere eskubideetan aurrera pauso asko eman dira. «Agian Nikaraguako herritan emakumeak gehiago etxean geratzen dira Euskal Herriarekin alderatuz. Hemen postu gaituagotan daude kokatuta».
Ohikoa da oso gazterik haurrak edukitzea Nikaraguan eta Latinoamerikan orokorrean. Horrek heziketan eragina izaten du eta batzuetan atzerapausoa emakumearekiko Muñozen ustetan. «Ez dago alderik egia esan Honduras edo Nikaraguaren artean emakumeen egoera, nahiz eta politikoki egoera desberdinak izan».
Mugimendu feministak badaude eta azpimarratzekoa da hiru aitzindarien lana. «Josefa Chepita Toledo de Aguerri da gure ikurrik haundiena. Emakumeen borrokan izugarri egin zuen eta 96 urterekin hil zen 1966. urtean. Miresgarria eta heroia guretzako. Gero ere hor ditugu Angélica Balladares de Argüello eta Maria Cristina Zapata sufrajistak».
Azken hamarkadan Nikaragua eta inguruko herrietatik batez ere emakumeak etorri dira lanera Euskal Herrira eta Arelyk argitzen du arrazoia. «Lan motarengatik da. Neskak eskatzen dira eta gizonezkoak batez ere, 80. hamarkadan, Estatu Batuetara eta Costa Ricara joan ziren eta oraindik ere joaten dira. Gaur egun legeak gogortu egin dira leku guztietan».
Aurreko larunbatean, AHMEReko kideak Hernanin bildu ziren, martxoaren 8an, ekitaldiren bat antolatzeko eta bertan egon zen, baita ere, Arely Muñoz. «Asko dago egiteko Hernanin bertan ere. Hemen emakumea babestuagoa dago beste herrialdetan nahiz eta gauzak dauden hobetzeko». l