Abeslaria da Maider Ansa aranoarra, Tximeleta taldearen ahotsa; eta orain, Zuhainpeko Soinuak ikuskizunean ere ari da lanean, ahozko trasmisioa landuz.
Musikaren munduan ari da lanean, beraz; gizonezkoak, oraindik ere, gehiengoa diren mundu batean: «egia esan bai, badago desberdintasuna, musikaren munduan. Emakume gutxiago gaude, kulturalki beti izan da horrela, eta horrek bere pisua dauka gaur egun», dio Ansak berak.
Eta joera hori, bereziki ematen da adin batetik aurrera, bere ustez: «gertatzen da, 30 urteren bueltan edo, emakumeek utzi egiten dutela musika, deskantsu bat hartzen dutela, ama izateko adibidez. Izan ere, nahiz eta modu agerikoan ez izan, errezeloa sortzen du oraindik, ama den emakume bat kantatzen edo musika jotzen ikusteak; non utziko ote zuen umea? Ni oraindik ez naiz ama, eta ez dut hori sufritu, baina inguruan bizitu dut.
Etxean bertan ezagutu du hori, Maider Ansak: «etxean, oso modu naturalean bizitu dugu, emakume eta musikari izatearena. Hiru ahizpa gara, eta hirurak aritu gara musikaren munduan. Baina beraiek biek, utzi egin zuten musika ama izateko, hain justu», azaldu du.
Gizonezkoetan, aldiz, ez da gauza bera gertatzen: «Tximeletan bertan, iaz taldekide bat aita izan zen, eta taldean jotzen jarraitzen du oraindik. Eta inori ez zaio burutik pasako, bere artean galdetzea umea non utzi ote duen», nabarmendu du.
«Akaso arreta jarri beharko genuke, musikari berri bat hartzean, ederra litzatekela emakumea izatea»
Gehiengo hori irudikatzen dute talde asko daude, eta oso ohikoa da, musikariak gizonak izatea, eta abeslaria emakumea: «pentsatu nahi dut, rol horiek ez daudela aldez aurretik finkatuta gizartean, ez dagoela horrela ikusita berez, baina ez dakit... Emakumea abeslaria izatea, akaso aberasgarria da, bere ahotsak kolorea ematen dio. Baina gitarra jotzen, adibidez, berdin dio gizona edo emakumea ari den, biek jo dezakete berdin...».
Hala da Tximeleta taldean ere; Ansa da abeslaria, eta gizonak dira musikari guztiak: «egia da, gazteek erreferentzia bezala hartu dezaketela hori. Askotan inkontzienteki egiten ditugu gauza horiek; musikari batek uztean, pentsatu gabe hartzen dugu beste bat, baten edo bestearen ezaguna dena. Baina, akaso, arreta gehiago jarri beharko genuke, eta hurrena musikariren bat hartzean, pentsatu ederra litzatekela emakumea izatea», dio.
Hala ere, berdintasunaren gaiari heldu izan diote taldean, kantak sortzeko garaian: «badaukagu kanta bat, Sorgin bat gehiago, erromeria guztietan erabiltzen duguna, emakumeak plazara deitzeko, izan gazte, heldu edo adineko. Miren Amurizarena da letra».