Carmen Adarraga saria eman du bigarren urtez, Gipuzkoako Foru Aldundiak. Mari Ayestaran izan da aurten omendua, eta atzo izan zen saritua Galarretako Orona Ideon. Denis Itxaso kiroletako diputatuaren eskutik jaso zuen Ricardo Ugarte eskultorearen obra: «ohore haundia da niretzat sari hau jasotzea; bereziki, emakumeen kirolean daukan esanahiagatik. Oso toki berezia izango du beti, nire bihotzean», adierazi zuen Ayestaranek. Eta gaineratu zuen, emakumeek oso harro sentitu behar dutela, «orain gutxi arte bakarrik gizonena zen espazio batean, lortzen ari garen guztiagatik».
Entrenatzaile eta jokalari ohia
Hockeyaren munduan egindako lanagatik omendu nahi izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak Ayestaran donostiarra. Realeko belar hockeyean «giltzarria» izan dela adierazi du Aldundiak, jokalari gisa aurrena, eta entrenatzaile bezala, gero.
Denera, 89 partidu ofizial jokatu zituen Mari Ayestaranek 1968tik 1994ra arte, jokalari izateari utzi zion arte. Horien artean badaude Europakoak, mundu mailakoak eta baita lagunartekoak ere. Gainera, estatu mailako belar hockeyeko selekzioak 1971 eta 1984 artean jokatutako neurketa guztietan parte hartu zuen.
Jokatu bakarrik ez, sariak ere bai
Hockeyean jokatu bakarrik ez, bere taldeek sariak ere eskuratu izan zituzten, eta ez edozein. Besteak beste: Espainiako txapelduna izan zen gazteen mailan, belar eta areto modalitateetan; areto hockeyko txapelduna izan zen Madrilen 1976-77 denboraldian; belar hockeyko txapelduna Santanderren, Espainiako txapelketako azken fasean, 1980-81 denboraldian; eta Real Sociedad taldeak titulua eskuratu zuen, 1985-86 denboraldian sortu zen Ohorezko Mailako Ligan. Erreginaren bi kopa ere eskuratu zituen.
Gerora, entrenatzaile; orain, ordezkari
Jokalari izateari utzi zion 1994garren urtean, baina ez zuen bere ibilbidea bukatutzat eman; entrenatzaile izan baitzen, baita Euskadiko selekzionatzaile ere. Gaur egun, ordea, Realeko hockey saileko ordezkaria da, beraz, kirola gertu gertutik bizitzen jarraitzen du.
Esker oneko hitzak, Itxasok
Izandako ibilbideagatik, eta bereziki, oraindik ere egiten duen lana kontuan hartuta jaso zuen atzo Carmen Adarraga saria Mari Ayestaranek. Denis Itxasoren hitzetan, «kirol ibilbide laudagarria du inondik ere, baina nabarmentzekoa da, batik bat, Mari Ayestaran emakume konformagaitza dela, borrokalaria eta emakumeen kirolean oso inplikatua. Emakume saiatua da, gainerakoentzat inspirazio iturri bilakatu eta belaunaldi berriak kirol munduan ibilbidea egitera erakartzen dituen adibide horietako. Emakume horiek guztiek ekarpena egiten dute gizarte justuago, berdinzaleago eta askeago bat lortzeko bidean».
Eta diputatuak nabarmendu zuen, mundua hobetzeko zerbait aukeratu beharko bagenu, berak genero berdintasunaren hautua egingo lukeela, zalantzarik gabe.
Carmen Adarraga hernaniarra, ikur
Carmen Adarraga (Hernani, 1921-2004) zenaren omenez sortu zuen saria iaz Foru Aldundiak, hernaniar kirolariaren ibilbidea goraipatzeko asmoz. Espainiako saskibaloi selekzioaren kapitaina izan zen Adarraga, eta hiru aldiz izan zen txapeldun bere taldearekin; eskubaloiean ere estatuko txapeldunorde izan zen, eta hockeyean ere ibili zen.