Emakumeen Nazioarteko Eguna ekintzez lepo ospatuko dute astigartarrek gaur. Herriko hainbat eragileren ekimenez, ez da aspertzeko astirik izango, eta gaurko eguneko aldarria herriko txoko guztietan sumatzeko aukera izango da.
Emakumeentzat pastak, Udalaren eskutik
Goizeko 09:00etan hasita hasiko da mugimendua herrian; orduan hasiko baitira Udaleko ordezkariak emakumeentzako pastak banatzen. Goizean Foru Plazan jarriko dute postua; ondoren, eguerdi partean, Joseba Barandiaran plazan izango dira; eta inaugurazio haundiaren aurretik, herrian zehar banatuko dituzte azkeneko pastak.
EH Bilduk ekitaldia, Kontxa Etxeberriatik
Goizerako, baita ere, antolatu du bere ekitaldi propioa Astigarragako EH Bilduk. 11:00etan hasiko da Kontxa Etxeberria plazatik abiatuta, eta helburua da emakume izena duten kaleetako emakumeen memoria plazaratzea. Hain zuzen, Kontxa Etxeberriaren biografia laburra eta XIV. mendeko Nabarraren bizipenak kontatuko dituzte. Ekitaldi honekin, gainera, «bi emakume hauen lana goraipatu eta eskertu» nahi du alderdiak. Bestalde, beraien historia modu laburrean azaltzen duten kartelak jarriko dituzte ibilaldian zehar.
Emakumeon Plazaren inaugurazioa, ekitaldi nagusia
Baina arratsaldeko 18:30etan izango da eguneko ekitaldirik garrantzitsuena. Emakumeon Plazaren inaugurazioa izango da orduan, Ramon Aranzasti Berdintasun zinegotziaren eskutik. Bertan izango dira, baita ere, Udaleko beste hainbat ordezkari, baita Astigar dantza taldeko dantzariak ere. Beraiek dantzatuko dute, hain zuzen, aurreneko agurra, herriko trikitilarien doinuen laguntzaz.
Bertaratuentzat mokadutxoa eskainiko dute gero, eta ekitaldiaren ondoren, Emakumearen Eguneko desioen zuhaitza jarriko du herriko emakumeen Harituz elkarteak. Horretarako ere, herritarren partehartzea eskatuko dute, izan ere, beraien ‘desioak’ zintzilikatzeko aukera izango dute bertan.
Udalak antolatuta bada ere, Astigarragako EH Bilduk eta BagaGiltza herri plataformak ekitaldian parte hartzeko gonbidapena zabaldu die herritar guztiei.
Emakumeen argazkirako deialdi irekia, galdeketaren alde
Egunaren garrantzia aprobetxatuz, Astigarragako BagaGiltza herri plataformak ere, egin du bere deialdi propioa. Arratsaldeko 19:00etan jarri dute zita Emakumeon Plazan bertan, inaugurazioaren ondoren. Orduan aterako dute emakumeen argazki erraldoia, martxoaren 19ko herri galdeketa babesa emateko egingo dutena.
GAUR
09:00-17:00 Udalbatzak Emakumeentzako pastak eskainiko ditu: goizean, Foru Plazan; eguerdian, Joseba Barandiaran plazan; eta arratsaldean, herrian zehar.
11:00 EH Bilduren ekitaldia: emakumeen izena duten kaleetako emakumeen memoria plazaratzeko. Kontxa Etxeberria plazatik abiatuta.
18:30 Emakumeon Plazaren inaugurazioa Berdintasun zinegotziaren eskutik. Astigar dantza taldeak, trikitilarien laguntzarekin, agurra dantzatuko du. Bertaratuentzako mokadutxoa eskainiko da. Segidan, Emakumearen Eguneko desioen zuhaitza jarriko du, eta herritarrek beren ‘desioak’ bertan zintzilikatzeko aukera izango dute.
19:00 BagaGiltzak antolatuta, Martxoaren 19ko herri galdeketa babesteko, emakumeen argazki erraldoia aterako dute, Emakumeon Plazan.