Mundarro Petritegik garaipen garrantzitsua lortu zuen, 1-0, pasa den asteburuan, Oriokoren kontra. Beraz, garrantzi biziko hiru puntu eskuratu zituen Zarkumendegin larunbatean. Garaipen honekin azken bi postuak zortzi eta hamar puntura aldendu ditu, nahiz eta 13garren postuan jarraitu sailkapenean. Bere aurretik dauden arerioak gertuago daude.
Partiduari dagokionez, lehen zatian lan txukuna egin zuten astigartarrek. Aukera garbiak izan zituzten, batez ere Markelen burukada pare baten ondoren, baina atezain oriotarra fin ibili zen arriskua urruntzeko orduan.
Lehen zatiko 30garren minutuan oriotarrak hamarrekin geratu ziren, erdilari batek Igorri egin zion sarrera baten ondorioz. Bat gehiagorekin Mundarro golaren bila joan zen eta lehen zatia amaitu baino lehenago, Igor berak, egin zuen partiduko gol bakarra baloia loratuz.
Bigarren zatian, moreak txukun hasi arren ez zuten markagailua handitzerik lortu. Oriokok aldaketak baliatu zituen arnasa hartzeko eta baloiaren jabe egin ziren. Ez zuten aukera argiegirik izan, baina asko sufri arazi zuten Mundarro Petritegi partiduaren azken minutuetan. Etxekoak denbora eske bukatu zuten, baina garaipena ospatu ahal izan zuten nahiz eta urduri amaitu norgehiagoka.
Balio handiko hiru puntu poltsikoratu zituzten, are gehiago, arerioen garaipenak ikusita. Horrek ere badu bere alde positiboa, talde gehiago sartzen baitira jeitsiera ekiditeko borrokan.