Igandean jarri dute zita, Atsegindegin, «herritarrak kontzientziatzeko animalien eskubideen eta borrokaren inguruan». Animalien Eskubideen Aldeko 1go ekitaldia antolatu dute Hernaniko Katuetxek eta Astigarragako Sorabilla Elkarteak, goizeko 10:00etatik 14:30etara.
«Ikusgarri egin behar dira boluntarioz osatutako elkarteak, animalia abandonatu eta gaizki tratatuak erreskatatu, lagundu eta adopzioa bilatzen dietenak», azaldu dute.
Guztira, hamabi elkartek hartuko dute parte ekitaldian, eta bakoitzak bere mahaia jarriko du, informazioa eman eta materiala saltzeko. Eta beste mahai batean, haurrak egongo dira, eskulanak egiten.
Txakurren abilezia tailerra eta edertasun lehiaketa
Goiz osoan zehar egongo dira mahaiak, eta hainbat ekintza ere antolatu dituzte. 11:00etan, txakurren abilezia tailerra izango da, eta 12:30etan, txakurren edertasun tailerra; 10:00etatik 11:00etara apuntatu behar da.
Bukatzeko, 14:00etan, errifaren zozketa egingo dute (goiz osoan zehar egongo dira salgai boletoak); eta zenbatuko dituzte elkarteen arteko argazki lehiaketaren botoak.