2017KO Txotx! garaia hasita plana proposatzen dute Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoriak eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak. Sustraien ezagutza, Albaolara bisita eginez, eta hori sagardotegiarekin uztartzea da akordioa. Proiektu berri horretan hamaika sagardotegik hartzen dute parte eta horien artean daude Astigarragako lau sagardotegi: Astarbe, Petritegi, Lizeaga eta Rezola. Sagardotegi menua prezio murriztuan eskaintzen dute.
Pasa den urtean jarri zuten martxan proiektu hau eta aurten bultzada berria eman nahi diote. Itsasoari eta sagardoari lotutako, pakete turistiko honetan, euskal kultura ezagutzeko aukera ematen dute. Lehenengo bisitariak sagardotegietako arduradunak izan ziren. San Juan ontziaren eraikuntza gertu-gertutik ezagutu zuten sagardogileek eta Xabier Agoterekin batera txotx! egin zuten baleontziaren kubiertan, sagardo kupelak eramango diren lekuan hain zuzen.
Txotx! denboraldia eta gero eskuragarri dago
Paketea Txotx! denboraldia eta gero ere eskuragarri egongo da, izan ere ekimenean parte hartzen duten hamaika sagardotegietako gehienak urte osoan zehar daude irekiak.
35 euro helduek
Erreserbak 943 33 68 11 telefono zenbakian edo turismoa@sagardotegiak.com helbidean egin daitezke. Paketearen prezioa 35 eurokoa da helduentzat eta sagardotegian ordainduko da. Haurrentzako kontsulta egin beharko da. Prezioa Albaolan ordaintzen denaren eta Sagardotegian hartzen duten haurren menuaren batuketa izango da.
Sei urte baino gutxiagoko haurrek ez dute sarrerarik ordaintzen Albaolan.
Marinelen edaria zen
XVI. mendean zehar bidaia egin eta baleontzien gertaerak ezagutu ondoren, Gipuzkoako bailaretan sartu eta sagardotegi batean mahaia eskatzea proposatzen dute.
Euskal arrantzale eta marinelak Ternuara joaten zirenean bakailaoa eta baleak arrantzatzera bederatzi hilabetetarako edaria eraman behar izaten zuten.
Ura usteldu egiten zen eta ondorioz beraien oinarrizko edaria sagardoa izaten zen. Marinel bakoitzeko hiru litro eguneko eramaten zuten. Horregatik, sagardo litro asko behar izaten zuten. Hori dela eta, sagardoa oinarrizko produktu bilakatu zen garai bateko euskaldunentzat.