Martxoaren 8aren bueltan bildu dira Ixiar Pagoaga, Irantzu Jauregi, Garazi Jauregi eta Amaia Altuna, Hernaniko Mugimendu Feministako partaide eta protagonistetako batzuk.
Orain arteko bizipenei errepasoa eginez, asko aurreratu izanagatik pozten dira, baina oraindik ere garai bateko aldarrikapen askok indarrean segitzen dutela ere ikusten dute. Gaurkoan, ozen gogoraraziko dituzte, zalantzarik gabe.
Esperantza garai... apalak?
Ixiar Pagoaga da gaurko lau protagonistetan esperientza haundiena daukana. «Franco hil arte hemen ez zegoen ezer. Gero, 77an, 78an hasi ziren mugimendu batzuk, asanbladak, baina oso klandestinoak ziren. Hernanin EMKren inguruan izan zen mugimenduren bat, ekintza bortitzen batzuk... Baina nik ez nuen ezagutu; Donostiako Asanbladan ibiltzen nintzen».
Mugimendu guztiak, ordea, ez ziren klandestinoak eta apalak izan. «77an Leioan egin ziren emakumeen jardunaldiak oso inportanteak izan ziren, eta baita Basauriko atxiloketena ere. Era berean, 77a izan zen Martxoak 8a aurrenekoz ospatu zen urtea. Gero Egizan sortu zen 80eko hamarkadan... Baina Hernanin mugimendu gutxi zegoen. Aleak ginen. 90era arte ez dira ematen urrats gehiegi. Asanbladak sortu ziren, baina mugimendu minoritarioak ziren Euskadin».
Tentsioak gogoratzen ditu Pagoagak, baina batasuna gailendu zela azpimarratzen du. «Ezkerreko alderdietan bazegoen mugimendua, baina talde mistoetan tentsioak izan ziren; hortik sortu ziren emakumeen asanbladak, emakume bezala gauza batzuk erdigunera eramateko. Izan ere, ordura arte alderdietan ere emakumeek egin behar zuten lan gizonen mesedetan. Gero, mugimendu feminista abertzaleak izan ziren. Mugimendu haiek unitarioak izan ziren, eta gaur egun, Emakumeen Etxearen inguruan ere berriro mugimendu unitarioen inguruan ari gara. Unitarioa, berdintasunaren aldekoa eta sistemaren kontrakoa. Esplotatzailea bazara, ezin zara izan feminista; Hillary, Cifuentes... feminista?! Zapaltzaileak dira-eta! Berdin hizkuntzarekin eta guztiarekin. Emakumeok indar minoritarioen inguruan eta berdintasunaren alde, jarrera unitario inportanteak izan ditugu».
Aborto eskubidea, antikontzeptiboak edo sexualitate askea
Klandestinitatean mugitu izana gogoratzen du Pagoagak. «Ezkerreko emakumeok beti jokatu izan dugu emakumearen egoera baztertzailearen aurka, baina klandestinitatetik saltoa egitea ez zen erraza. Franco hil ondorengo garaiak esperantza haundikoak ziren, baina mugimenduak ez ziren oso masifikatuak. Oraindik, jende askorentzat antiojoak erabili eta irakurtzen genuen emakumeak, feministak, gaizki ikusitako emakumeak ginen. Eta bananduta bazeunden, koadroa konpletoa zen! Banketxera joanez gero ere, gizonaren baimena behar zen edozertarako!».
Baina ausartak izan ziren. «Donostiako Asanbladaren bitartez, sare bat sortu genuen, eta abortatzera laguntzera joaten ginen Holandara. Abortoaren alde sinatu genuen Basauriko atxiloketen aurretik; Nik abortatu dut, esaten genuen. Ausartak izan ginen. Izan ere, garai hartan hori esateak esan nahi zuen Guardia Zibilaren bisita jasotzea. Eta hara! Nere izena argitara atera zen kanpaina harekin!».
Hernanin ere, elkar ezagutzen zutenen artean mugitzen hasi ziren. «Berdintasunaren alde, aborto eskubidearen alde, antikontzeptiboak lortzeko, harreman sexual libreago batzuk edukitzeko aukeraren alde... egiten genuen borroka. Ezin da imajinatu zer nolako aurrerapausua izan zen antisorgailuena. Mediku ezagunen bidez bakarrik lortzen genituen. Justel farmazian ere egin genituen kanpainak. Preserbatibo bila joan eta eskatzen ziguten errezeta ortopedikoa! Orduan esaten genuen Obtalidon, egungo Ibuprofenoaren modukoa, arriskutsuagoa zela goma zati hura baino, eta salatu egingo genula hura errezeta gabe saltzeagatik!».
Errepresioa eta mugimendua apaltzea
Yausikan, «eskua sartu izanagatik kontra jarri eta tabernaz taberna aurre eginez» ere ibili ziren, baina «minoritarioa» zela dio berriro ere Pagoagak. «Errepresio haundia zegoen. Oso gaizki ikusia zegoen emakume bat kalean. Oraindik ez naiz gai kalera atera eta nere kontutik, bakarrik pote bat hartzeko. Mosto bat bai baina... Puta batzuk ginen! Gogoratzen dut haurtzaindegian hasi nintzela lanean 77an. Bananduta nengoelako guraso batzuek zalantza egin zuten umeekin lan egiteko eredugarri ote nintzen... Eta hori planteatzea normala zen, baita haurtzaindegi bat sortzeko ahaleginean ari ziren guraso gazte eta apurtzaileen artean ere! Umeak familian hezi beharra ezinbestekoa ikusten ez zutenen artean ere, emakume banandu bat... Gero, azpiegitura bila ari ginela, EAJkoak kontra azaldu ziren, eta mitinak egiten zituzten, esanez, umeak familian hezi behar zirela. Hain zuzen, boterean zeuden dirudunak, umeak hazteko neskameak zituztenak! Guk planteatzen genuena zen hezkuntza sistemaren barruan, adituekin, umeak zainduta egotea».
Erresistentziak ez ziren gutxi, hortaz. Baina «minoritarioak» ziren mugimendu haiek izango zuten, pixkanaka, eragina. «Herrian bonba bat izan zen Empar Pineda Interviú aldizkariko portadan agertzea (1980an: Soy lesbiana porque sí). Homosexualitatea gaur oso arrunta da, baina orduan... Eta gero, bere ahizpa hil zenean egin zen hiletan, jende pila bat bildu zen Plazan, denak Emakumea Zutik kantatzen. Irudi potentea izan zen».
Klandestinitatetik erakundeetara
Horren guztiaren ondorioak nabaritu aurretik, ordea, galdialdia izan zen urte batzuetan. Irantzu Jauregi 92an joan zen Andoaindik Leioara, soziologia ikastera. «Unibertsitatean gerturatu nintzen mugimendura. Ordura arte ez nuen ezagutu. Eta gero, 98 inguruan bueltatu nintzen; orduan, Hernanira. Ez zegoen mugimendu antolatu oso potenterik. Bazegoen Egizan, eta Molotoff irratian horren bueltan irratsaio feminista egiten zuten batzuk, baina ahul. Han ibili nintzen, eta urte pare batera hasi nintzen udaletxean, Berdintasun Sailean lanean; 2001ean sortu zen, eta Hernanikoa izan zen Gipuzkoan bigarrena. Hasieran egin genuena izan zen, herrian feministak izan zirenak biltzeko saiakera. Berdintasun Kontseilua sortu genuen horrela, talde egiturarik ez, eta norbanako gisa ere gehitzeko aukera emanez». Eta helburua, argia zen. «Hemengo Kontseilua ez da oso instituzionala. Hau da talde bat, pentsatzen duena zer egin. Hainbat proiekturen bultzaitzaile izan den feminista talde bat, teknikari batekin, eta beraz, udaletxeak babestuta eta baliabide ekonomikoekin».
«Mugimendu Feminista da unitarioa, berdintasunaren aldekoa eta sistemaren kontrakoa. Esplotatzailea bazara, ezin zara izan feminista; Hillary, Cifuentes... feminista?!»
Garai hartan sortu zen, baita ere, Emakumeen Mundu Martxa; 2000an. «Ez da kasualitatea», Pagoagaren ustez; «legeetan gauzak aldatzen hasi ziren. Mugimendu batek bestea ekarri zuen. Hainbat gai berri planteatzen hasi ziren; 2007an Amaia-Aimarren agurraren ondoren, transexualitateari buruz egindako zinemaldi saioak, adibidez». Ados dago Irantzu Jauregi ere. «Jende gaztea aktibatzea lortu zen, Euskal Herri mailan ere».
Institututik herrira
Ez zen kasualitatea izan, ez. Ixiar Pagoaga berak, Santa Barbarako institutuan irakasle zela, Hezkidetza proiektua garatzen lagundu zuen. «Tailer bat egin zen; mutilek plantxan egiteko eta neskek, gimnasioan, autodefentsa lantzeko. Eta mutilak inbiritan! Hura izan zen aurrenetako ekintza, ikasleekin egina, eta uste genuen erokeria zela, baina gustura aritu ziren».
Garazi Jauregik, hain zuzen, hura guztia jaso zuen. «Aurreneko harremana, berdintasunaren edo feminismoaren gaiarekin, DBHn izan genuen. Orduan hasi ginen Gune Ilunen Mapa egiten. Ez genuen ondo ulertzen zer zen, baina identifikatu genuen non eta zergatik pasatzen genuen beldurra. Ondoren, kirolaren diagnosia etorri zen. Errepaso ederra egin genien klubei, kokoteraino baikeunden. Hor hasi ginen kontzientzia hartzen, eta gero, Herne Neska Taldea sortu zen 2005ean, jarraitzeko aukera eman ziguna. Azken batean, guk Kontseiluaren lan tekniko horren ondorioak jaso ditugu».
Hain zuzen, horixe izan zen Kontseiluaren asmoa, Irantzu Jauregiren esanetan. «Neska gazteekin formazio batzuk bultzatzeko Emakin taldea kontratatu zen, eta ikastetxe guztietara joan zen. Horren bueltan sortu zen Herne». Eta horren bueltan, beste hainbat talde, herrian, Garazi Jauregi bera tartean zela. «Orduan entzun nuen aurrenekoz; zergatik emakumeok ezin dugu kamioilari izan?» gogoratzen du. «Karbonera, Kafeta Feminista... Horiek ere gai asko plazaratu zituzten herrian. Guk Txoko Feminista sortu genuen. 2009ko martxoan antolatu ginela uste dut. Ordura arte Kontseiluak Donostiara bideratzen zituen Martxoaren 8a eta horrelakoak. Hortik sortu zen Txoko Feminista; herrian zerbait antolatzeko beharretik. Gazte Asanbladan ibiltzen ginen batzuk eta beste pare bat bildu ginen eta Martxoaren 8an Marijira antolatu genuen. Kontseilukoek esan ziguten gurekin zetozela, eta horrek indarra eman zigun».
«Simon de Beauvoirrek esana da: ‘emakumea ez da jaiotzen; egin egiten da’. Ba gizona ere bai! Denak ez dira patriarkatuaren perfilekoak»
Amaia Altuna da lau protagonista hauen artean gazteena, eta berak ere institutuan izan zuen mugimendu hauen berri. «Harremonak proiektua ezagutu genuen eskolan, eta Plax! Sexu eta Bikote Aholkularitza zerbitzuko bulegora joaten hasi ginen gure kezka eta zalantzak argitzera. Gainera, institutuan bertan bazegoen Liletak taldea ere, eta guk sortu genuen Parekide. Feminista sentitzen ginen, baina eskolan. Eta halako batean, udaletxetik deitu ziguten, Emakumeen Etxea zela-eta! Ezin genuen sinestu. Asko lagundu digu. Orain, Martxoaren 8an gure denbora ere izaten dugu gurea esateko. Herrian mugimendu feministak kristoren indarra dauka! Udalekuetan beste herrietako lagunekin komentatzen dugunean, haluzinatu egiten dute». Pagoagak ulertzen du zergatik. «Azaroaren 25ean ere, gazte pila bat elkartu zineten; neskak, eta mutilak! Hori berria da, ez da ohikoa». Baina Altunarentzat hori, «arrunta» da.
Krisi garaian, atzerapusuak
Lortutako aurrerapenak makalak ez badira ere, oraindik zer aldarrikatu badagoela azpimarratzen dute, hala ere. Ixiar Pagoagaren ustez, «krisi ekonomiko guztietan bezala, oraingoa ere atzerapausoak ematen ari gara. Amatasuna indartzea; berriro ardura emakumeei bakarrik ematea, akatsa da. Eta dena instituzioei eskatzen diegu, baina eskatzeko, lehenengo egin egin behar da; etxetik hasita. Baina gure etxeetan parekidetasuna gezurra da gehienetan. Emakumeak dauka nere garaiko rola, eta hori aldatzen ez bada, patriarkatuari ez zaio benetan buelta emango. Emakumea ezin da pertsona osoa izan denaren ardura badauka». Hori da egungo erronka bat, eta bestea, biolentzia. «Emakumea indartzen ari da, eta horrek dakar gizonen erreakzioa ere. Batzuena, oso txarra; hortik sortzen da gizartearen arazo nagusi bat: biolentzia. 2004an genero legea onartu zenetik 700 emakume erail dira, eta ez da ezer gertatzen! Horri heltzea denon ardura da. Simon de Beauvoirrek esana da: emakumea ez da jaiotzen; egin egiten da. Ba gizona ere bai! Denak ez dira patriarkatuaren perfilekoak; badira apurtu nahi dutenak, eta hori indartzeko errekonozitu egin behar da».
Irantzu Jauregik beste arrisku bat ere ikusten du: «badirudi berdintasuna modan jarri dela, eta aprobetxatu egin behar da, gauzak lortzeko. Baina errealitate soziala beste bat da. Datuak egoskorrak dira. Zaintza eta hezkuntza ez dira eraldatu. Zaintzak jarraitzen du neurri haundi batean emakumeen esku egoten. Eta soldatetan arraila haundiagoa da gazteen artean! Lanpostu batzuk, maskulinizatuak direnak, feminizatuak direnak baino hobeto baloratzen dira, eta beraz, soldatak, baldintzak hobeak dira».
Garazi Jauregik ondo ikusten duena da «hitz egiteak, konpartitzeak, arazoak identifikatzea ahalbidetzen» duela, eta «gazteak aktibatuta» datozela. «Horrekin lotuta, Andre Kalea edo Emakumeen Etxea ez dira kasualitatea». Gazteek markatzen dute etorkizuna, eta Amaia Altunak argi dauka: «ni oso gustora nago!».
MUGIMENDU FEMINISTAREN
BILAKAERA ETA TESTUINGURUA
· 1960an, Baionan sortu zen abortua legeztatzearen aldeko aurreneko taldea.
· 70eko Espainiako kode penalean ‘adulterioa’ zigortuta zegoen eta kode zibilean emakumea pertsona ‘ezindutzat’ jotzen zen.
· 1975a Emakumearen Nazioarteko Urtea izendatzen du NBEk.
· 1976an egiten dira Bartzelonan Jornadas Catalanes de la Dona (Emakumearen Topaketak)
· 1976an abortatzeagatik atxilotzen dituzte 11 emakume basauriar. Oihartzun haundia izan zuen eta mobilizazio ugari izan ziren, emakumeen askatasunaren kontrako eraso kolektibo gisa hartu baitzen epaiketa. Auzia 1982ra arte luzatu zen; epaiketan, azkenean, absolbitu egin zituzten.
· 1977an emakume feministen aurreneko jardunaldiak egin ziren Leioan; 3.000 lagun inguruk hartu zuten parte.
· 1977an ospatu zen aurrenekoz Emakumeen Nazioarteko Eguna, Hego Euskal Herrian.
· 1981ean sortu zen Aizan! erakundea, ezker abertzalean militatzen zuten eta emakume asanbladetan zebiltzanen artean.
· 1985ean abortoa despenalizatzen da.
· 1988an Egizan sortzen da KASen barruan.
· 1988an Emakunde sortu zuen Eusko Jaurlaritzak.
· 2000an Emakumeen Mundu Martxa egiten da aurrenekoz mundu osoan, eta Euskal Herrian.
· 2004an onartzen da genero legea.DATA ESANGURATSUAK, HERNANIN
· 2001ean Hernaniko udaletxean Berdintasun Saila sortzen da; Gipuzkoan bigarrena.
· 2005ean Herne Neska Taldea sortzen da; Gure burua askatuz, feminismoan murgilduz kanpainarekin. Beste hainbat talde feminista sortuko dira urte hauetan: Kafeta Feminista, Katxazarra...
· 2006an Karbonera etxea okupatu zen; 2011n Ikatza liburutegi politiko-soziala ireki zuten.
· 2007an Amaia-Aimarren hileta zibila egiten da Hernaniko Plazan, eta transexualitatearen gaia plazaratzen da.
· 2009an sortzen da Hernaniko Txoko Feminista; 2014az geroztik, Euskal Herriko Bilgune Feministako partaide.
· 2010ean Hernanin egiten dira Euskal Herriko III. Topaketa Feministak: Kuleroak burura eta salto mundura.
· 2015ean Andre kalea izena berreskuratzen da.
· 2017an Hernaniko Emakume Etxea sortzeko parte-hartze prozesua bukatzen da.