Talde sozialetan dagoen mugimenduaren isla, txiki geratu zaio Plaza Feminista berdintasun arloari, eta Emakumeen Etxea sortuko dute etorkizun hurbilera begira. Herrian eragina izatea izan da, hasieratik, asmoa, eta horretarako antolatu du Udalak definizio-prozesua parte-hartze irekian.
Prozesu horretan emakumeek bereganatu dute protagonismo osoa, tartean izan dira, besteak beste, Marta Luxan eta Jaxone Usandizaga herritarrak.
Arazoei aurre egiteko beharra,
parte-hartzeko arrazoia
Gonbidapen bati erantzunez sartu ziren prozesuan Marta Luxan eta Jaxone Usandizaga, eta horren beharra dagoelako eman zuten baiezkoa biek. Ibilbide desberdinekoak dira biak, baina bat egiten dute Plaza Feministaren beharrean.
Jabetze Eskoletan parte hartu izanagatik dago Usandizaga: «gainera, iruditzen zait Plaza Feminista bat beharrezkoa dela Hernanin, eta herri guztietan egongo balitz, hobe. Izan ere, uste dut eguneroko bizitzan egoera batzuei aurre egiteko tresnak behar ditugula gehienok».
Marta Luxanek, aldiz, egun ez dauka loturarik talde feministekin, baina feminismoarekin lotura zuzena daukaten lanak egin izan ditu: «nik ere uste dut horrelako espazioak behar beharrezkoak direla. Hedabideei begiratzea besterik ez dago ikusteko gaur egun ere arazo asko ditugula genero harremanetan oinarritzen direnak eta egiturazkoak direnak; orduan, horiei aurre egiteko jende desberdina elkartzea niretzat funtsezkoa da», dio argi eta garbi.
Prozesuan zehar,
«eztabaida egon da, baina beti giro oso onean eta helburu batzuetan edo zeinbait kontutan, behintzat, oinarrian ados egon gara»
Talde Eragilea, herritarrez osatua
Behar horri erantzunez, beraz, hasi zen pasa den irailean parte-hartze prozesu irekia, Udalak bultzatuta eta Aztiker enpresaren laguntzarekin. Eta horren aurretik egindako lanketan, hasiera hasieratik izan dira lanean Luxan eta Usandizaga. Hain zuzen, prozesu guztia koordinatu duen Talde Eragilearen parte izan dira: «taldearen helburua izan da proposatzea gero talde irekian landuko zena; adibidez, eraikinaren espazioa zehaztuta, antolamenduaz hitz egingo dela. Badakigu oso pausu logikoak direla, baina horiek ordenatzea izan da kontua».
Herritarrek eta Berdintasun Saileko teknikariek osatu dute 15 bat kideko Talde Eragilea, uztailean lanean hasi zena. Orduan, bi kideek azaldu dutenez, hasierako lana izan zen zabaltze-lana: «gure inguruan eta herrian eragitea izan zen aurreneko zereginetako bat, batez ere, herriko bestee emakumeekin eta herriko beste elkarteekin».
Eta horren guztiaren ondoren eman zitzaion hasiera prozesuari berari. Horreratako, saioak aurrera eramateko, Aztikerreko dinamizatzaileak izan dira: «eztabaida nola egin proposatu dutenak izan dira, baina ez genuen dinamizatzailearen lanera mugatu nahi, bestela, lana askoz ere teknikoagoa izango litzateke».
Jardunaldi berezi batekin,
hasiera, prozesuari
Irailaren 24an hasi zen prozesua ofizialki. Horretarako, jardunaldi bereziak egin ziren, eta bertan azaldu ziren otsailera arte luzatu den prozesuaren nondik norakoak, baita hiru eredu ere: Basauriko Emakumeen Etxearena, Arrasatekoa eta Ermuakoa: «erantzuna ona izan zen, jende dezente bertaratu zen; eta gainera, esan behar da nabarmentzekoa dela jardunaldi horietako partehartzaileen aniztasuna».
Eta aniztasun hori prozesu osoan zehar errepikatu dela adierazi dute Marta Luxan eta Jaxone Usandizagak: «Hernanin daukagun abantailetako bat edo aukeretako bat da kulturartekotasunarena; aztertzen badugu beste emakumeen etxe batzuetan gertatzen dena, haietan dagoen arazoetako bat da beste jatorri batzuetako emakume batzuk ez direla hurbiltzen. Horregatik, hasiera hasieratik jatorri desberdinetako emakumeak presente egoteak aukerak zabaltzen ditu».
Ez hori bakarrik, izaera berezi hori ere, islatu nahi izan dute etorkizuneko eraikinaren izaeran. Horrela bada, bi ardatz izango ditu eraikinak: bata, feminismoa, eta bestea, kulturartekotasuna izango dira.
Izenik gabe, baina abizenarekin
Haurdunaldiko aurreneko hilabeteetan bezalaxe dago momentu honetan Emakumeen Etxearen eraikina: izena oraindik zehazteke daukate, baina abizena, dagoeneko, argi daukate. «Kulturarteko Plaza Feminista izango litzateke abizena, eta bere izaera laburbiltzen duena». Horrek, beraz, aipatutako bi zatiak barne hartuko lituzke: «azken finean, eraikina Udalak utzi du eta berak pentsatu du eraikin horrentzako funtzio hori; bertan izango dira, beraz, kulturartekotasuna lantzen duten taldeak, eta feminismoa lantzen dutenak», azaldu dute.
Egungo Plaza Feminista txiki geratu da, eta beraz, bertan lan egiten duten talde guztiek izango dute txokoa bertan.
Plaza Feministatik Gabriel
Zelaiara, lekualdaketa
Eraikin berriaren irekierarekin, egun Plaza Feministan dauden taldeak, baita Udaleko Berdintasun Saila ere, bertara lekualdatuko lirateke, baita Amher taldea ere: «herritarrentzat irekia izango da, bai taldeentzat eta baita norbanakoentzat ere. Azken finean, nolabait izango da leku bat non talde edo norbanako horiek elkar-ekintzan eta kulturartekotasunean aritzen diren horiekin gauzak pentsatzeko eta ekimenak antolatzeko; eta ez hori bakarrik, hortik kanpo ere, ideia ez da egindakoa etxean geratzea, etxe horren barruan gertatzen denak herrian proiekzio bat izatea bilatuko da», adierazi du Luxanek. Izan ere, Usandizagaren ustetan: «azkenean, jendartean da eragin behar dena, gauza batzuk aldatu daitezen, jarrera batzuk aldatu daitezen».
Hori guztiak, beraz, lana ekarriko du, eta horretarako, nahiz eta ofizialki prozesua bukatutzat eman duten, luzatzeko konpromezua hartu dute partehartzaileetako askok, tartean Luxan eta Usandizagak: «nolabait luzatuko den prozesua izango da, parte-hartze prozesuaren zati garrantzitsuena bukatu da, eta bertan erabaki da espazioa nola antolatuko den, eta nola kudeatuko den».
Baina badakite, gerora ere, dinamikarekin jarraitu beharko dutela: «batetik, badaudelako gauza batzuk adostu egin direnak, baina martxan jarri arte ez dakigu nola funtzionatuko duten; eta bestetik, delako gai bat beti behar berriak sortuko dituena». Beraz, «dinamika bizia» izango duela ez daukate zalantzarik.
Espazioaren antolaketari, proposamena
Dagoeneko badagoen eraikin baten inguruan egin dute proposamena parte-hartze prozesuan parte hartu dutenek: Gabriel Zelaiako aurreneko eraikinean, hain zuzen. Bertan kokatuko baita, etorkizun hurbilean, kulturartekotasuna eta feminismoak partekatuko duten espazioa.
Etxea irudikatzeko, bisita bat egin zuten bertara: «oso ariketa polita izan zen». Hala, errazago irudikatu ahal izan zuten bertan jarri nahi zutena.
Horrela beraz, beharrak aztertu, eta horiek zerrendatu dituzte: «bulego bat beharko da Berdintasun Sailak erabiliko duena; liburutegi-mediateka bat; tailerrak egiteko gelak; jarduera fisikoak egiteko beste gela bat; egun dagoen patio zentralean ikuskizunak egiteko aukera aztertu da, baita erakusketak ere; eta taldeek beraien materiala gordetzeko armairu batzuk ere bai». Dena den, helburua da «ahalik eta jarduera mota gehien egin ahal izatea bertan», beraz, «gelek ez dute erabilera bakarra izango».
Feminismoa eta kulturartekotasuna uztartuko dituen proiektuek izango dute tokia, beraz, gai hauek jorratuko dituen espazio berri honetan.
Beste berezitasun bat ere izango du eraikinak, garrantzitsua iruditu baizitzaien eraikina kanpoaldearekin lotzea nolabait: «espazio fisikoak irekia izan behar du kanpoko espazioarekin lotzeko, baina baita ere jendea erraz sartu ahal izateko. Hori lotuta dago herrian eragina nahi izatearekin».
Obra egiteko, eskaintza publikoa
Parte-hartze prozesuari esker, orduan, dagoeneko diseinatu dute espazioaren antolaketari buruzko proposamena, aurretik aipatutako txokoekin. Baina paperetik errealitatera pasa beharko dira ideia horiek. Baina hori, beste prozesu batean kokatzen dute, teknikoagoa dena: «Udala tartean dagoenez, obra egiteko eskaintza publikoa egin beharko da, eta proposamenak aurkeztu beharko dituzte». Egunerokotasunarekin lotura daukaten gauzatxo batzuk auzolanean egitea ez da baztertzen, baina «obra potoloak arautua izan behar du, eta gainera, igogailua egin beharko da».
Dena den, obra baino gehiago eraikinari «birmoldaketa» bat egingo zaiola diote, «dagoena berritu eta egokitu egingo da, espazioa berrantolatzeko asmoz», zehaztu dute.
Desberdinen arteko eztabaida, oinarri
Emaitzarekin oso gustora somatzen zaie Marta Luxan eta Jaxone Usandizagari, eztabaida egon izanagatik, eta sortu den hausnarketa eta lanketa giroagatik. «Prozesua interesagarria izan da, adibidez, adin desberdinetako pertsonak elkarrekin, mahai baten bueltan egoteko».
Giro horrek ahalbidetu die etorkizuneko etxearen oinarriak ezartzen: «eztabaida egon da, baina beti giro oso onean eta helburu batzuetan edo zeinbait kontutan, behintzat, oinarrian ados egon gara». Saioetako dibertsitatea kontuan hartuta, hartu eman hori «aberasgarria» izan dela aipatzen du Marta Luxanek: «kontrakoa [eztabaida eza] gezurra izango litzateke. Ibilbide oso desberdinetako pertsonak elkartzen bagara, eta ez baditugu iritzi desberdinak gauzen inguruan, zerbait arraroa gertatzen ariko litzateke».