Herri galdeketa izango da martxoaren 19an, Hernanin, BagaGiltza plataformak antolatuta. Galdeketarekin bat egin du Hernaniko EH Bilduk ere: «hernaniar guztiak gaude deituta, gure botoa eta iritzia ematera». Horren bueltan, gainera, bi ekitaldi izango dira datozen egunetan, eta horietan parte hartzeko deia luzatu die EH Bilduk, herritar guztiei.
Etzi izango da aurrenekoa: hitzaldia emango du Biterin Arkaitz Rodrigezek, Sortuko bozeramaileak, arratsaldeko 19:00etan hasita: «oso hitzaldi interesgarria iruditzen zaigu, bat egiten duelako EH Bilduren ideario independentistarekin». Hain zuzen ere, independentismoaren egoeraz eta erronketaz ariko da Rodrigez.
Igandean, ekitaldia Tilosetan
Eta bigarren ekintza, igandean izango da, Independentistak sareak antolatuta. Ekitaldi publikoa egingo dute Tilosetan, eguerdiko 12:30etan, eta bertan egongo da mugimenduaren bozeramaile dena, Txutxi Ariznabarreta.