Hernani Errotzenek eta Nabarraldek dokumentala egin dute Eskoriatzako Atxorrotx gazteluaren historia eta kokapen estrategikoa aztertzeko, eta Hernanin datorren bi asteetan izango da aukera tontor horretan gordetzen diren sekretuen berri jakiteko.
Hitzaldia eta dokumentala
Hasteko, hilaren 7an Angel Rekalde soziologo eta Nabarraldeko zuzendariak hitzaldia emango du, 19:30etan Biterin, Atxorrotx gazteluari eta 1200. urteko konkistari buruz egindako dokumentala aurkezteko.
Dokumentala bera, berriz, hilaren 13an ikusi ahal izango da, eta Hernani Errotzenen esanetan, «irudi ikusgarriak dauzka». Biterin, 19:30etan jarriko dute Atxorrotx, denboraren talaiatik. Jose Luis Orella Unzué historiagileak egingo du aurkezpena, bertan kontatzen dena hobeto ulertzeko. Izan ere, Atxorrotx gazteluaren aztarnak, haitz zorrotz baten gainean daude, ermita baten azpian ezkutatuta. Bertan azaldu dira erromatarren garaiko zeramikak, Nafarroako Erresumako txanponak...
Hainbat sekretu gordetzen ditu, beraz, Atxorrotx gazteluak, eta, badirudi, Hernani bezala, Nafarroako Erresumarekin azaldu izan dela aurrenekoz historian.