Presoen egoera «tamalgarria» dela gogorarazi nahi izan du Hernaniko Sarek, eta Gari eta Baldo preso hernaniarren kasuak azaleratu nahi izan ditu; «giza eskubideen urraketa nabarmena agerian uzten duten bi kasu: gaixo larriena eta zigorren batuketen (kondena bikoitza) egoerarena».
«Osasunerako eskubidea; oinarrizko eskubidea»
Garikoitz Arruarteren kasuan, Sarek azpimarratu du «osasunerako eskubidea urratuta» daukala.
«2005ean diagnostikatu zioten Aldebiko Uveitis Akutua, eta 2007an, Espondilitis Ankilopoietikoa, gaixotasun degeneratibo eta sendaezina. Izugarrizko kaltea egiten diote osasunean, espetxeak dituen egitura fisiko, arautegi eta politika berezituek; osasun asistentzia ezak eta trabak; asistentzia dietetiko-higieniko eskasak; kontsultarako tramite luzeegiek; eta kontsultetarako trasladoen baldintza onartezinak».
Gainera, «tratamendu minimo bat ez edukitzeak egoera larritzen» duela ohartarazi du. «Profesionalen terapia desberdinak, dieta osasungarria eta baldintza konkretu batzuk betetzea ezinbestekoa da gaixotasuna ahalik eta ondoen eramateko, eta hori espetxean ezinezkoa da. Horrek egoera larritzeko arriskua dakar».
Guztiaren aurrean, Sarek azpimarratzen du «osasunerako eskubidea eta osasun asistentzia duin bat izateko eskubidea, pertsona guztien oinarrizko eskubidea» dela. «Gaixo dauden presoak, pertsonak izateagatik soilik, osasun eskubidea aitortua eta errespetua izan behar dute, pertsona horiek tratu duin eta humanoa jasotzeko eta osasun asistentzia egokia izateko eskubidea dute, nahiz eta preso egon».
«Kalean behar luke Baldok»
Jose Javier Zabaleta, Baldoren kasua bestelakoa da. «Zigorraren batuketa aintzat hartuko balute, kalean behar luke», azaldu du Sarek.
«Kondena bikoitza ezartzen ari da estatu espainola, Europako legediak dioenari muzin eginez. Legedi horrek dioenaren arabera, europar komunitateko estatu ezberdinetako sententziek eragin bera izan behar dute. Ondorioz, Frantzian betetako kondena epealdia kontuan hartu beharko luke estatu espainolak»
Baldok, hain zuzen, 27 urte daramazki preso Frantzian zein Espainian. «Urte hauetan jasotako erredentzioak kontuan hartuko balira, hau ere ez baitu estatu espainolak kontuan hartzen, duela 3 urte kalean egon beharko luke. Estatu espainolak, Europako legediaren aplikazio maltzur bat egiten du, Europa berak eskatutako zuzenketei kasurik egin gabe».