Astigarraga
Nolako mozorro eta aurpegiak, halako dantzak!
Inauteriekin zita bikoitza izan zuten aurreko asteburuan, Astigarragan. Arratsalde osoko festa izan zuten larunbatean, Joseba Barandiaran plazan: aurpegiak margotu zizkioten elkarri, mozorroak osatzeko, eta dantzan aritu ziren gero denak, disko festan! Igandean ere, mozorroak eta dantzak protagonista: Ergobiatik abiatu, eta kaleak hartu zituen Euskal Inauterien Konpartsak, Goizuetako Zahagi Dantza, Oriako Sorgin Dantza eta Lantzeko iñauterietako dantzak eskainiz.
Hernani
Kolore eta gustu guztietako mozorro festa, lau egunez!
Egunerokotasunak koloreari utzi zion bere tokia, Hernanin, lau egunez. Ostiralean hasi eta asteartera bitarte, kolore eta gustu guztietako mozorro festa izan zen kaleetan: emotikonoak, gimnastak, piratak, waterpolo jokalariak, igeriketa sinkronizatua, sevillanak, mantis religiosak... Paperezko panpin rekortablez jantzi zenik ere izan zen, herritarrek beraien gustura janzteko! Igandean egin zuten konpartsen desfilea, kaleak kolorez eta dantzaz betetzeko. Eta gainerako egunetan ere, izan zen festa: Azeri Dantza, sokamuturra, haurrentzako jolasak, kale antzerkia, musika... Asteartean ehortzi zuten sardina, Inauteriei bukaera emateko. Baina ordura arte, ederki aprobetxatu zuten egun bakoitza denek!
Goizueta
Zahagi artean, indioak eta bakeroak
Gaur dute Kontuen Eguna Goizuetan... eta kontatu nahi duenak, asko dauka kontatzeko! Igandetik asteartera, sekulako festa giroa izan zen herrian. Gaztetxoen Zahagi Dantzak hartu zuen protagonismoa, aurreneko egunean, eta helduena izan zen astearteko zita nagusia, mota guztietako mozorroen artean. Astelehenean, aldiz, Oestera eraman zuten Goizueta, edo Goizuetara ekarri Oestea... Indioek eta bakeroek hartu zuten herria!