Korrika Eguna, gaur zortzi

Kronika - Erredakzioa 2017ko mar. 4a, 01:00

Martxoaren 30ean abiatuko da Korrikaren 20garren edizioa  Otxandiotik (Araba), eta apirilaren 4an pasako da Astigarra­gatik. Ordura arteko bidea leuntzeko eta herria girotzen hasteko, Korrika Eguna izango da gaur zortzi, Korrika Kultu­ralaren programaren barruan. 
Herriko hainbat eragileen laguntzaz, egun osoko festa egingo dute Joseba Baran­dia­ran plazan: goizeko 11:30e­tan hasiko da, eta gauera arte luzatuko da, bertso afariarekin.

Lau talde, egitarau zabala aurrera eramateko
Goizeko 11:30etan hasiko da festa Xaguxar aisialdi taldeak eta AEK euskaltegia berak egingo duten eskulan tailerrarekin. Hori bukatuta, 13:00ak aldera, Junp Fit eta lurreko dantzan ibiltzeko aukera izango da, Mundarroren eskutik. Eta eguerdian, sabela nolabait be­te­tzeko, luntxa egingo dute, herritarrek Aiztondo abesba­tzaren ahotsekin gozatzen duten bitartean. Korrikako ma­teriala ere egongo da salgai, goiz osoan zehar.
19:30etan hasiko dira arra­tsaldeko ekintzak Maddi Roteta eta Leire Iturbek girotutako triki-poteoarekin. Eta azkenik, 21:00etan hasiko da bertso afaria Zipotza elkartean. Bertan afaltzeko txartela erosi beharko da aurrez, Zipotzan, Ikatzan edo kultur etxean, 18 euroan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!