17.454,26 euro Udalak, Sahara eta Siriako errefuxiatuentzat

Kronika - Erredakzioa 2017ko mar. 4a, 01:00

Azkeneko Gizarte Zerbitzuen eta giza eskubideen batzordean hala onartuta, 17.454,26 euro bideratuko ditu Udalak gatazkak bizi dituzten herrialdeen alde lanean ari diren elkarteei. Alde batetik, siriar errefuxiatuekin lan egiten dutenei eman­go zaie dirulaguntza; eta bestetik, saharar kanpamenduetara laguntza bideratzen dutenei.

Siriar errefuxiatuen alde, diru kopuru altuena
Udalak azaldu duenez, Zapo­reak proiektuari eta Salva­men­to Marítimo elkarteari emango zaie diru kopuru altuena, siriar errefuxiatuekin Greziako Chios herrian egiten ari diren lanarengatik: «Elkartasun Zapore­ak proiektua Intxaurrondoko Gastronomia Elkarteko kideen ekimena izan zen, eta 2016ko martxoan eman zituen aurreneko pausuak. Gaur egun 15 boluntariok egiten dute lan Chiosen dauden errefuxiatu siriarrekin, eta 1.200 otordu ematen dituzte egunero», arrazoitu  du Udalak. 
Dena den, azaldu dutenez, «kopururik haundiena Chios­eko elkartasun proiektuari eman­go zaion arren, Saharako errefuxiatuei elikagaiak emateko premiazko laguntza ere, kontuan hartu da». Horregatik, Saharako errefuxiatuen aldeko karabanari emango diote la­gun­tzaren beste zatia. 

Saharar errefuxiatuei, ere bai
Horrela, beraz, Sahararen aldeko 13garren Euskal Karabana ere diruz lagunduko du; hain zuzen Piztu itxaropena larrialdi proiektuaren lana sustatzeko egingo du ekarpena Udalak. Horri esker, «Euskal Herriko herrietan janariak eta segurtasun gaiak bilduko dira desnutrizioak eragindako patologiak eta gaixotasunak gutxitzeko».

«Konpromiso irmoa»
EH Bilduk salatutakoaren harira, Udal gobernuak argi dio beraiek «konpromiso irmoa» dutela «gatazkak bizi dituzten herrialdeekin», eta aipatutako dirulaguntzak onartzerakoan EH Bilduren «babes osoa» izan dutela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!