Kontuen Eguna izanen da gaurkoa, Goizuetan, eta ederki ospatuko dute, badutelako zer ospatu!
Giro ederrean igaro zituzten Inauteriak, aurreko igandetik asteartera, eta gaur emanen diete bukaera. Mozorrorik ez da faltako, noski!
Eguerdiko 12:00etan aterako dira poteoa egitera, txarangarekin batera, eta mozorroen bazkaria eginen dute gero, 14:00ak aldera.
Arratsaldean, berriro aterako dira txarangarekin, 17:30etan, eguneko bigarren poteoa egitera!
Gazte Asanbladaren 25 urteak ospatzeko, kontzertuak
Eta eguna aprobetxatuz, ospakizun berezi bat izanen du Gazte Asanbladak ere; aurreko urtean bete zituen 25 urte, eta gaur gauean ospatuko dute, bi kontzerturekin, gaztetxean. Aurrena, Space Jam Session taldeak joko du, eta ondoren, bere diska berria aurkeztuko du bertan, EtsaiakEroak taldeak: Naufragoak. «Auo abeslariak berak proposatu zuen kontzertua, Goizuetako batekin dabilela eta, bertan jo nahi zuelako», azaldu dute Asanbladatik.