Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako aurreneko fasea bukatzeko puntuan daude batzuk, eta hasteko, oraindik, beste batzuk.
Hernani I taldeak gaur egingo du bigarren saioa, 21:00etan hasita Arriatzuko eskolan, bertso afari baten bueltan (aurretik izena eman behar zen). Maialen Lujanbio, Eñaut Martikorena, eta Andoni Mujika ariko dira, Azkoitiako Erniarraitz III taldea osatzen duten Ugaitz Beristain, Xabier Aldalur eta Eneritz Artetxeren kontra. Saio honekin bukatuko dute aurreneko fasea.
Ereñotzuarrak ere gaur, baina kanpoan
Ereñotzuko taldeak ere gaurko saioarekin bukatuko du aurreneko fasea. Aurrenekoan etxean aritu ziren Arnaitz Lasarte, Aritz Zerain, Ibon Miner eta Iñaki Zelaia, Amaia Otxotorena epaile zutela eta Mikel Peruarena gai-jartzaile, eta gaur, 21:00etan hasita, Irungo Hazia Kultur Elkartean ariko dira Txingudi I taldekoen kontra; Abel Zabala, Iñigo Ugarte eta Andoni Zelaiaren kontra, hain zuzen.
Hernani II, bihar martxan
Oraindik aurreneko faseari ekin ez dion taldea, berriz, Hernani II da; bihar estreinatuko dira. Mutrikuko Gaztetxean, 22:30etan kantatuko dute Oier Iurramendi, Iker Osa, Unai Agirre eta Iker Ormazabalek, Eñaut Agirre gai-jartzaile dutela eta Jon Iraola epaile, Mutrikuko Arnope taldearen kontra.