Batez beste 3 euro garestituko dira udal zerbitzuetako ikastaro batzuk

Kronika - Erredakzioa 2017ko mar. 2a, 01:00

Asteartean bildu zen otsaileko Plenoa, eta 17 puntu landu zituzten Udal taldeek, aurrekontuaren eta bestelako gaien inguruko berri emateekin hasita. 

«Gutxietxia sentitu naiz»
Hasteko, David Guirado, Orain Hernaniko zinegotziak kargua utzi zuen. «Taldeko kideak eta haren aholkulariek zigortu eta gutxietxi egin nautela sentitu dut (...) eta proiektu honen alde lanean jarraitzeko ilusioa ken­du didate; ez nago ados hartutako norabidearekin», azaldu zu­en. Gainon­tzekoek, Orain Her­na­nik barne, egindako lanagatik eskerrak eman zizkioten. 

Zerbitzuen tasen igoera
Bestalde, hainbat zerbitzu pu­bli­kotako tasak %2 igotzea ados­tu zen EH Bildu eta EAJren aldeko botoekin eta OH eta PSE-EEren kontrakoekin. 
«Azken urteetan tasak man­tendu egin dira, baina zer­bi­tzu­en kostua igo egin da: per­­tso­na­la­rena, manteni­men­dua...», azal­du zuen Isa San­chez, ogasun zinegotziak. Ho­rregatik, %2, «batez beste 3 euro» igoko dira pre­zioak Mu­si­ka Eskolan, Kan­tuz Musika Es­kolan, Kultura ar­loko ikas­ta­roetan, Udal Euskal­tegian, Kiroldegiko ikastaroetan eta Haur Eskolako Jangela eta Ja­betze Eskolako zerbitzuetan.
Jaione Aristregi (OH!) eta Ri­cardo Crespok (PSE-EE) egin­da­ko kritiken aurrean, San­che­­zek az­pimarratu zuen «erre­­kurtso ekonomiko gutxi­ko­­entzako onu­ra fiskalak man­­tendu» egin­go direla.
Tasekin lotuta, Koro Etxe­be­rria kultura zinegotziak pro­po­sa­tu zuen «utzikeriaz jokatuta, al­diro liburutegiko txartelaren kopia eskatzea ekiditeko, ko­pia ba­koitzari 3,20 euroko tarifa jartzea». Denak ados egon ziren.

Garbiketa zerbitzua, Villarrek
Zalantzak sortu zituen gaia izan zen udal eraikinen garbiketa zerbitzuaren kontratuaren es­lei­penarena, enpresa batek errekurritu zuela medio, urtebete luzatu baita. Baina az­kenean, Villar enpresari esleitu zaiola azaldu zuen Koro Etxe­berriak, «1.151.000 euro inguruko kontratazioa». Azpimarratu zuen zerbitzu ona emateaz gain, «klausula sozialak txertatu» direla kontratazioan, eta beraz, lanpostuen ratio eta egoera azter­tzeko txostena aurkeztu beharko duela enpresak 6 hilabetean, eta batzorde bat sortuko dela langileen egoera aztertzeko. EH Bildu eta EAJ-PNVren aldeko botoekin eta PSE-EE eta OH!ren kontrakoekin onartu zen. 

GHKren tarifei, helegitea
Eztabaida gehien sortu zuen gaia izan zen, Gipuzkoako Hon­­dakin Kontsorzioak 2017ra­ko onartutako tarifei helegitea jar­tzearena. EH Bildu eta OH!ren botoekin onartu zen, EAJ eta PSE-EE kontra zirela. Al­kateak eztabaida moztu zu­en, azken batean, «hondakinen kudeaketaren ingurun pro­posamen ezberdinak» sortutakoa zelako.

Genero ikuspegiaren aldeko akordioa eta mozioak
Azkenik, Garazi Etxarri, berdintasunerako zinegotziak azaldu zuen, genero ikuspegia udal politika guztietan txertatzeko estrategia ezartzeko akordioa, eta aho batez onartu zen.
Mozioak onartu ziren segidan. EH Bilduk bi aurkeztu zi­tuen; alkate kurduei babesa erakusteko bat, eta Picassoren Guernica Gernikara ekartzea eskatzeko bestea. Biak onartu ziren; aho batez bata, eta PSE-EEren abstentzioarekin bestea. 
OH!k diru sarreren berme errentaren zenbatekoa igotzeko mozioa proposatu zuen, eta onartu zen, EAJ eta PSE-EEko kontra bozkatuta ere. 
BagaGiltzak, herritarren txa­lo artean, herri galdeketaren in­guruko mozioa aurkeztu zuen, udal talde guztien babesa eta PSE-EEren abstentzioa jaso zu­e­na. Azkenik, aho batez onartu zen Martxoaren 8aren harira Bersintasun Kon­tseiluak aurkeztutako mo­zi­oa. EH Bilduk aprobetxatu zuen Izar, Sara Majarenas presoaren alabaren egoera gogoratzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!