Txirrindularitza taldea ere izango du Astigarragak aurten, eskola kirolean ere, Astigarragako Txirrindulari Taldearen eta Herri Eskolaren eskutik: «taldetxo bat animatu zaigu, eta inguruan egingo diren jardunaldi eta lasterketa desberdinetan arituko dira». Hamabost bat haur elkartu dira guztira, LH5 eta LH6 mailetakoak.
Ostegunean egin zuten taldearen aurkezpena, eta bertan, jaso zituzten taldeko maillota, kaskoa eta eskularruak. Gero, taldeko argazkia atera zuten.
Aurrenekoa, Oiartzunen gaur
Hala ere, dagoeneko ari dira entrenatzen. Astean zehar, bizikleta gaineko abilezia eta konfiantza landuko dituzte, eta irteerak ere egingo dituzte laster, inguruko bidegorrietan, errepideetan eta belodromoan.
Izan ere, errepidean egingo dituzte lasterketa gehienak, baina aurten, nobedade bezala, izango dira mendiko bizikleta saioak ere. Aurrenekoa proba, hain zuzen ere, mendiko bizikletekin egingo dute; gaur bertan, Oiartzunen.
Eta noski, beraien egutegian ez da faltako Astigarragako lasterketa: aurten ere antolatuko dute Txirrindagan Txiki proba, herrian, apirilaren bukaeran, hilaren 29an.