Erabakitzeko eskubidearen eta herri galdeketaren inguruan mahai-ingurua antolatu du gaur, 19:00etan Biterin, BagaGiltza herri plataformak.
EH Bilduko Pello Urizar, Ahal Dugu-Podemoseko Sergio Campos eta EAJ-PNVko Luke Uribe-Etxeberria ariko dira eztabaidan, Zertarako erabaki? izenburupean antolatu den mahai-inguru honetan, eta Irati Sarasua kazetaria ariko da moderatzaile lanetan.
Bapateko itzulpena izango dela ere jakinarazi dute, eta mahai-inguruaren ondoren, mokadutxo bat jateko aukera ere jarriko da.
Pelikula, datorren astean
Herri galdeketa martxoaren 19rako dago deituta, eta ordura arte, herritarrak parte-hartzera animatzeko hainbat ekintza antolatuko ditu BagaGiltza herri plataformak.
Gaurko mahai-inguruaren ondoren, hurrengo zita astelehenean jarri dute; Sufragistas pelikula emango dute Biterin, 19:00etan, debalde.