Urtarrilaren 28tik otsailaren 3ra bitarte, Saharar errefuxiatuen kanpamentuetarako janari-bilketa egin dute Astigarragan, EH Bilduren eskutik. Orain, kanpainaren balorazioa egin nahi izan dute, prentsa-ohar bitartez.
Eskerrak, partehartzaileei
Aurtengo janari-bilketa «arrakastatsua» izan dela dio EH Bilduk, eta horregatik, «eskerrak» eman nahi izan dituzte. Alde batetik, «ekimen honetan ezinbestekoak izan diren komertzioei: Isa, Mamen, Alicia, Zubitxo, Eroski, eta Ezpela belardenda». Eta bestetik, «Sahararen alde aletxoa jarri duzuen herritar guztiei. Astigarraga, herri eskuzabala dela erakutsi dugu, berriz ere».
Hurrengo asteetan, produktuak Saharara
Aprobetxatu dute, baita ere, herritarrei jakinarazteko noiz eta nola iritsiko den Saharara bildutakoa: «Sahararen Euskal Karabanaren bitartez, hurrengo asteetan iritsiko dira Saharara jaso ditugun elikagai eta produktu guztiak».
Ekimena, EH Bilduk
Gainera, gogorarazi dute, aurtengoan ere EH Bilduk antolatu behar izan duela bilketa: «iaz ere hala izan zen, eta hau berriz ez gertatzeko, 2016ko otsailaren 2an Sahararen aldeko mozio bat aurkeztu zuen EH Bilduk». Honen azken puntuak zioen: «hurrengo urteetan, Astigarragako Udalari Sahararen Euskal Karabanaren ekimenean zuzenean eta aktiboki parte-hartzea eskatzen dio».
Mozioa aho batez onartu zen, baina aurten ere «EAJren Udal gobernuak ez du ezer egin»: «Saharako herriarekiko elkartasun falta berriz ere erakusteaz gain, plenoaren agindua ez du bete EAJk. Ez hori bakarrik. EAJk berak onartutako erabakiari muzin egin dio eta beraz, Saharari eta herriari huts egin dio».
Hala ere, ohartarazi du: «saharar herriarekiko elkartasunak Astigarragan etenik izan ez dezan, lanean jarraituko du EH Bilduk».