Ez bi eta ez hiru; hamasei baziren behintzat, Ereñotzuko bolatokiak, garai batean! Ia baserri bakoitzak zeukan berea, bola bere gorenean zegoen garaian: «badira dexente, bai! Eta gainera, nahiko batera jarri zituzten», diote Antonio eta Leandro Miner anaiek. Bolaren garai gozo haiek ezagututakoak dira bi bolari ereñotzuarrak.
Horietako gehienen zerrenda, osatua daukate: Etxola-Berri, Minak, Igerola-Goikoa, Igerola-Behekoa, Benta-Berri, Ugaldetxo, Txokolatenea, Airosa, Alkatxuin, Latse, Arriurdiñeta, Goikoetxe, Fagollaga, Irubidieta... «Seguruenik, beste herrietan ere izango ziren hainbeste bolatoki. Hernanin asko zeuden, adibidez. Kontua da, ez zirela oraingoak bezalakoak, bolatoki estaliak. Neurri egokiak bazeuzkaten, baina aire librean ziren», dio Leandrok.
Afizioa ere, hainbestekoa!
Eta bolatoki kopurua nolakoa, halakoa zen afizioa ere! «Garai haietan, esku pelota edo bola, ez zegoen besterik. Eta pelotarako frontoia behar zenez, ba bolan aritzen ginen gehien», gogoratu du Leandrok. «Arratsalde pasarako aukeratuena zen», azaldu du Antoniok: «lanetik atera, eta bolan aritzen ziren arratsaldean. Etxola-Berrin, adibidez, han minan lanean zebiltzanek, iñularrian horixe egiten zuten; bolatokia zegoenez, bolan aritzen ziren».
Baina etxe aurrean bertan ere ezagutu zuten hori, bi anaiek: «Latsen jaiotakoak gara gu, eta txikitatik ezagutu dugu hori. Bostak aldera, fabrikatik ateratzen zirenean, mutil kozkorrak ardo bila bidaltzen gintuzten Ereñotzura, eta bolan pasatzen zuten arratsaldea». Eguna joan eta eguna etorri, han ibiltzen ziren asko, bolan. Epeleko koadrila bat, berriz, Irubiden elkartzen ziren; eta Ereñotzun beste bat, Goikoetxeko bolatokian.
«Hemen errepide inguruan bizi zirenek, behintzat, denek egiten zuten boletan, eta bastante ondo, gainera», diote.
Ur Miakoa, duela 50 bat urte
Bolatokiak dagoeneko galtzen ari ziren garaian ezagutu zituzten haiek, baina afizio haundia zegoen oraindik. Eta duela 50 bat urte, Ur Mia soziedadea egin zutenean, han aurrean ere jarri zuten bolatoki txiki bat: «arratsaldean etorri, bola eta brilak hartu, eta bat edo bi hasita, azkenerako koadrila majoa elkartzen ginen. Ilunduta hementxe denak, argi beharrean!», kontatu du Antoniok.
«Iñular askotan, erronda jokatzen genuen. Gutxien jotzen dituzten bien artean, ardo botila ordaindu behar!», gogoratu du Leandrok.
Larunbat eguerdietan elkartzen ziren, hala ere, lagun gehien: «eta igandea, berriz, txapelketa eguna zen! Gu mutil kozkorrak ginen, federazioa sortu zenean. Eta betidanik ezagutu ditugu txapelketak, ia igandero», dio Antoniok.
«Latsen, bostak aldera fabrikatik ateratzen zirenean, mutil kozkorrak ardo bila bidaltzen gintuzten Ereñotzura, eta bolan pasatzen zuten arratsaldea».
«Parrandan hasi bitartean, hemen denak gara bolan aritutakoak, gaztetan»
Eta igande goizetan zirelako, hasi ziren galtzen bolarako ohitura, hain justu, gazte asko: «gaztetan, parrandan hasi bitartean, hemen denak gara bolan aritutakoak. Baina noski, larunbatean parranda egin duenak... Txapelketak igande goizetan izaten zirela eta!», kontatu du Antoniok.
Gainera, garai batean trenean edo bizikletan joan behar izaten zuten, txapelketetara: «soziedadea sortu baino lehen, hemen bazen beste talde bat, Goikoetxekoena, eta haiek bai mugitzen ziren bizikletan, txapelketetara», azaldu du Leandrok. «8-10 lagun bizikletan, denak elkarrekin koadrilan joaten ziren, Urnietara, Aietera, Hernanira...», argitu Antoniok: «garai hartan esaten zen, igandetarako plan ederra zela, goizean Arantzazura mezetara joan, eta arratsaldean Legazpin tiraldia eginda bueltatu».
Irunera ere joan izan dira bizikletan, egun berean behin nahikoa ez, eta bitan: «tokatu izan da, goizean Irunera joan bizikletan, tiraldia egitera. Eta ondo eginez gero, etxera etorri bazkaltzera, eta arratsaldean berriro Irunera joan behar, botatzera», kontatu du Antoniok.
Hala ere, mugitzeko zailagoa zela eta, txapelketak bi zonaldetan banatzen zituzten: «Goierri eta Tolosaldeakoak han aritzen ziren, eta Donostialdea ingurukoak hemen, separatuta. Eta gero, finala jokatzen zen, bietakoen artean; tiraldi bat han, eta beste bat hemen».
Ereñotzun bolatoki berria, estalia, txapelketetarako
1985ean hasi ziren txapelketa ofizialak jokatzen Ereñotzun, bolatoki berria egin zutenean: «txapelketetarako bolatoki estalia behar zenez, 85ean egin genuen berria, soziedadeko bazkideek, bolariek, udaletxekoek... denek auzolanean», azaldu dute.
Eta gogoan dute, nola aritu ziren gaztetxo guztiak: «Miguel Arrozpide etorri zen Hernanitik, eta hantxe ibili ziren mutil kozkor guztiak, orain 40 urte inguru dauzkatenak, harekin bolan».
Ordutik, kanpoko bolari gehiago etorri ziren Ereñotzura: «lehen ez ziren hainbeste etortzen, eguraldi txarrarekin eta, bolatokia nola egongo ote zen... Baina berria egin zenean, konfiantza eta segurtasuna zeukaten, ondo egongo zela», dio Antoniok.
Izan ere, aldea nabaritu dute bolatokietan, Leandrok azaldu duenez: «lehengoak beste material batzuekin zeuden eginda, eta errazagoa zen bola galtzea. Eta bolatoki horretan ohituta zegoenak, bazeukan abantaila. Zailagoa zen jokua egiten, eta euria egiten bazuen, zeresanik ez! Kristo bat eginda bukatzen zuten bolatokiek!», kontatu du Leandrok.
Kanpotik gehiago etorri bai, baina bertakoak gutxiago aritu dira ordutik: «auzoko txoko honetatik urrundu da pixka bat, lehen eskura zegoen, hemen soziedadekoa. Eta horretan galdu dugu. Gehiago aritzen ziren bolan, eta baita ikusten ere. Festetan eta, sekulako espektazioa izaten zen! Soziedade ondoko baranda, jendez beteta egoten zen!».
Dagoeneko 145 tiraldi ofizial jokatu direnean, berritu egingo dute Ereñotzuko bolatokia: «aurrena, ondoko platanondoak moztuko dira, kalte haundia egiten diotelako bolatokiari, asko hazi dira eta. Eta teilatua eta estruktura konponduko dira. Eta bigarren fase batean, barrukoari helduko zaio».
Baina bitartean ere, txapelketarik ez da faltako. Aurten, beste bi: Hernaniko Txapelketakoa, San Antoniotan; eta Gipuzkoako Txapelketari dagokiona, apirilaren 23an.
Bola txapelketak
«Aurten Euskadikoa Gabirian izanda, txapela Gipuzkoan geratuko da seguru!»
Euskadiko Txapelketa ere, behin hartutakoa da, Ereñotzuko bolatoki estalia: 2005 urtean jokatu zen bertan. Eta horretan, Gipuzkoan jokatzen den guztietan bezala, gipuzkoar batek jantzi zuen txapela. Ez omen du huts egiten, pronostiko horrek: «Gipuzkoan jokatzen denean, hemengo batek irabazten du, eta Bizkaian edo Araban denean, hango batek. Aurten Gabirian tokatzen da, beraz txapela Gipuzkoan geratuko da seguru!», diote Antoniok eta Leandrok. Izan ere, modalitate ezberdinetara jokatzen da, probintzia bakoitzean.
Lehen hiru tiralditara jokatzen zen Euskadikoa; probintzia bakoitzeko bat: «eta gipuzkoarrek irabazten zuten, itxura gabe gainera! Haiek alerik ez dute jotzen hemen, eta guk han, batenbat behintzat bai. Horregatik, beraiek ere kanpeon geratu nahi zutela eta, erabaki zen tiraldi batetara jokatzea, urtero probintzia txandakatuz», argitu du Antoniok.
Hemen baino gehiago bizi omen dute bola, ordea, Kantabria aldean: «han patrozinadoreekin eta ibiltzen dira taldeak!», dio Leandrok. Eta Antoniok gehitu: «ni final bat ikusitakoa naiz Unqueran, eta sarrera ordainduta sartu nintzen! Hemen botatzeko ordaindu behar dugu...».
Jendetza eta apustuak bolatokian, garai batean
Horrelako garairik ere izan da hemen: «izugarria zen, nolako jendetza biltzen zen Donostian. Futbol zelaietan bezala, dena bete-bete. Eta dirua jokatzen zuen jendeak, apustutan. Lau baietz! Bost ezetz! Orain tirada bota eta martxa egiten du jendeak, baina lehen, berandu arte egon gintezkeen, etxera bueltatzeaz ahaztuta».
Jubilatuak
«Beste toki batzuetan petankan bezala, hemen bolan hasi dira jubilatuak!»
Miner anaiek diote, gerraostean hasi zela galtzen, pixkanaka, bolarako afizioa: «sagardotegietako giro hura ere orduan galdu zen, eta horrekin batera, hasi zen gainbeheran bolarako afizioa. Ez zen berdina izan ordutik», kontatzen du Leandrok: «federatuta zegoenak, bai jarraitu zuela. Baina bola herrikoia galdu egin zen asko».
Eta gerora, gaztetan aritzen zirenek ere, utzi egiten zuten azkenerako, parranda zela edo beste edozer zela. Baina hara nola, eta bueltan omen datoz orain!
«Gaztetan bolan aritutakoak, orain jubilatu eta berriz hasi dira botatzen!»
«Gaztetan aritutakoak, orain jubilatu eta berriz hasi dira botatzen!», kontatu du Antoniok. Eta Leandrok badauka azalpena, horretarako: «garai batean, bolak gehiago pisatzen zuen. Eta nahiko edadekoa bazinen, kosta egiten zen botatzen. Indar haundia eman behar zitzaion. Orain, berriz, eman beharrean, kendu egin behar zaio kasik! Eta horrela, jubilatuentzako eta, errazagoa da botatzen».
Horregatik, pixkanaka ari dira gehiago animatzen: «beste toki batzuetan petankan bezala, hemen bolan hasi dira jubilatuak!». Ostegun goizetan eta elkartzen omen dira, bolarako afizioa berreskuratzeko asmoz.