Sagar moreak taldeak, Sagardotegi garaian emakumeek pairatzen dituzten eta onartu ezin diren jarrerak salatzeko, kale buelta musikatu antolatu zuen, Plaza Berritik Tilosetara, pasa den larunbatean.
Aurretik informazio gune bat ipini zuten Plaza Berrin eta Garin tabernaren aurrean beraien salaketa irakurri zuten. «Ez dugu ez eraso ezta jarrera sexistarik onartuko». Inauteriak izanda partehartzaile batzuk mozorrotuta ere ikusi ziren.
Sagar Moreak ‘iraultza’ duela bi urte hasi zen lehen ekimen batekin. Orduan beltzez jantzitako emakumeek hartu zituzten parrandaren kaleak San Fermin bezperan egin zutenaren arira.