Hernanik 19-3 galdu du derbia Ordiziaren aurka Altamiran

Kronika - Erredakzioa 2017ko ots. 26a, 01:00

Hernanik ezin izan zuen Ordiziaren aurkako bolada ona mantendu eta 19-3 galdu zuen talde gipuzkoarren arteko derbia. Beraz, zazpigarrenean galdu egin du Polidorik zuzentzen duen taldeak. Giro ederrean jokatu zuten bi taldeek eta partidu estua ikusi zen Altamiran. Gogo handiak zituzten ordiziarrek Hernaniri behingoz irabazteko eta hiru urte t’erdi ondoren lortu zuten bere zaleak gustora uztea. 
Oso serio jokatu zuten goierritarrek eta Hernanik ezin izan zituen bere aukerak baliatu. Atsedenaldira iristear zirenean gauzatu zuen Ampok partiduko entsegu bakarra eta 13-3ko markagailuarekin joan ziren bi taldeak aldageletara.
Bueltakoan saiatu zen Hernani partiduari buelta ematen, baina markagailua ordiziarren aldeko bi zigor kolperekin besterik ez zen mugitu. Sari gutxi lortu zuten hernaniarrek eginiko partidu onerako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!