Karnabalak iritsi dira Hernanira; haragia jateari uzteko garaia (carne eta vale; edo Aratuzteak, ‘haragi’ eta ‘uzte’; Auñamendi Eusko Entziklopedia). Gipuzkoa aldean, ordea, Inauteriak deitzen zaio garai honi, gehiagotan (Inaute: seguru asko, irain aldia; Auñamendi Eusko Entziklopedia).
Modu batera edo bestera deitu, toki guztietan mozorroen festa, koloreak eta barre algarak izaten dira nagusi egun hauetan, eta baita Hernanin ere, noski.
Atzo lehertu zen festa eta astelehenera arte izango du segida, sardina ehortzi arte.
Haurrak protagonista,
festa hasteko
Atzo eguerdian egin zen Inauteriei hasiera eman zien ekitaldia, Plazan. Eskoletako haurrak bildu ziren bertan, nor baino nor koloretsuago eta alaiago.
Hasiera ekitaldiari jarraipena emateko, txarangaren atzetik saltoka eta dantzan abiatu ziren gaztetxo guztiak, eta arratsaldean zehar beste hainbat ekitaldirekin gozatzeko aukera izan zuten, bereziki, gaztetxoek: DJa, batukada, esku pelota partiduak...
Mozorroak nagusi,
astelehenera bitartean
Gaurtik aurrera, berriz, gaztetxoak bakarrik ez; ume, gazte eta heldu, denak mozorrotuko dira, larunbatarekin mozorrotzen baita jende asko Hernanin. Hala ere, karrozak bihar eguerdian aterako dira, herria kolorez janzteko: Ttarla dantza taldeak eta Inmakulada ikastetxeak prestatu dituzte aurten ere, karrozak, eta bihar arte itxaron beharko da, zein sorpresa prestatu dituzten ikusteko.
Aurretik, ordea, gaurko ekitaldiekin gozatzeko aukera izango da: goizeko 10:00etan Azeri dantza egingo da, Kaxkoan barrena; 11:30etan, berriz, txaranga abiatuko da batetik, eta bestetik, poni eta zezen txikiak izango dira gaztetxoentzako, Latsunbeberri auzoan; 12:00etan erromerian dantzan aritzeko tartea izango da, eta 13:00ean erraldoi eta buruhaundiek egingo dute kalejira.
Arratsaldean, bazkaritan indarrak hartuta, haurrentzako ikuskizuna izango da Milagrosan, 17:00etan; txaranga aterako da 18:30etan, eta ordu berean gaztetxoentzat dantza festa izango da Atsegindegin, eta erromeria, San Joan konpartsarekin. Gaueko ordu txikietan parrandan segi nahi duenak ere ez du aukeraik faltako; txaranga aterako da gaueko 00:00etan.
Konpartsak eta
kale animazioa, bihar
Goiz eta arratsaldez emango zaio segida bihar, umore festari. Bereziki, Konpartsek jarriko dute kolorea, goizean. Aurrena txaranga aterako da 11:30etan, eta Ttarla dantza taldearen eta Inmakulada ikastetxearen karrozak 12:00etan aterako dira.
Arratsaldean, txarangaren atzetik saltoka jarraitzeko aukera izango da berriro, 18:30etan, eta ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko trikitilariek hartuko diete erreleboa, arratsaldeko 19:30etan.
Ordu horretan bertan, kale antzerkia edo ikuskizuna, dantza eta umorea nahasten dituena ikusi ahal izango da Tilosetan: Tio Teronen Semeak.
Haur eta gaztetxoei begira hainbat ekitaldi antolatu dira; gaurkoan, azeri dantza, poni eta zezen txikiak, erraldoi eta buruhaundiak, Tomaxen abenturen ikuskizuna; edota DJarekin dantza festa; eta bihar eta etzi, Konpartsak, haur jolasak edota puzgarriak.
Mozorroen azken eguna, astelehena
Hirugarren egun batez mozorrotzeko aukera ere izango da, Inauterien barruan; astelehenean. Etzi berriro Azeri dantza egingo da, baina kasu honetan, gaztetxoena. Aurretik diana joko dute, gainera, ‘Hernani’ Musika Eskolako ikasleek.
Segidan, 11:30etan hasita, haurrentzako poni eta zezen txikiak izango dira berriro Latsunbeberri auzoan, eta 12:00etan, haur jolasak egingo dira Atsegindegin, Kulkirekin.
Arratsaldean, berriz, erraldoi eta buruhaundiak aterako dira, azkenekoz, Kriskitiña dantza taldeak antolatuta, eta ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko dultzaineroek jotako musikak lagunduta.
Eguna bukatzeko, gaztetxoentzako puzgarriak jarriko dira Atsegindegin.
Errautsen eguna, asteartea
Esaerak dioena jarraituz gero, asteazkenera arte luzatu beharko litzateke Inauterietako umore ona, baina asteartea izango da hemen, sardina erre eta errausteko eguna. Asteazkenera lanera bueltatzeko eguna izango da!
Sardinaren ehorzketa, beraz, asteartean, arratsaldeko 18:30etan egingo da. Ohi bezala, dultzaineroek jarriko dute hileta-musika, eta Plazatik abiatuta, Andre Kalean behera eta Kale Nagusian gora joango dira, atzetik jarraika sardinaren ehorzketagatik dolu-aldia egingo duten herritar ‘negartiak’ dituztela.
Kale buelta egin ondoren, Plazan bilduko dira denak berriro, eta su emango diote sardinari. Horrekin, datorren urtera arte agurtuko dira Inauterietako kolore alaiak!
GAUR, LARUNBATA
10:00etan, Azeri dantza.
11:30etan, Inauterietako txaranga.
11:30etan, Haurrentzako poniak eta zezen txikiak Latsunbeberri auzoan.
12:00etan, Erromeria Jeiki Hadi
taldearekin. San Joan Konpartsa.
13:00etan, Erraldoi eta Buruhaundiak Kriskitiña dantza taldearekin.
17:00etan, Haurrentzako Tomaxen abenturak, Festara ikuskizuna Milagrosan.
18:30etan, Inauterietako txaranga.
18:30etan, Dantza festa
gaztetxoentzat Iñigo Etxenike DJarekin, Atsegindegin.
18:30etan, Erromeria Ortzadar
taldearekin. San Joan Konpartsaren eskutik.
00:00etan, Betikoak txaranga.
BIHAR, IGANDEA
11:30etan, Inauterietako txaranga.
12:00etan, Konpartsen irteera Urbieta kaletik: Ttarla dantza taldea eta Inmakulada ikastetxea.
18:30etan, Inauterietako txaranga.
19:30etan, ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko trikitilariak.
19:30etan, Kale antzerkia. Dantza: Tio Teronen Semeak. Tilosetan. Eguraldi txarra eginez gero, Atsegindegin.
ASTELEHENA, 27
09:00etan, Diana. ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoa.
10:00etan, Azeri dantza
gaztetxoentzat.
11:30etan, Haurrentzako poniak eta zezen txikiak Latsunbeberri auzoan.
12:00etan, Kulki haur jolasak Atsegindegin.
16:00etan, Erraldoi eta Buruhaundiak Kriskitiña dantza taldearekin eta ‘Hernani’ Musika Eskolako Publikoko dultzaineroekin.
17:00etan, Gaztetxoentzako puzgarriak Atsegindegin (8 urtetik gorakoentzat).
ASTEARTEA, 28
18:30etan, Sardinaren ehorzketa.