Bi eguneko festa egingo dute Astigarragan, asteburu honetan, Inauteriak ospatzeko.
Gaur arratsaldean, Joseba Barandiaran plazan jarri dute zita; eguraldi txarrarekin, Txomiñene frontoira mugituko dute. 16:30etatik aurrera, mozorro eta itxuraldatze tailerrak egongo dira, eta bertan, aukera izango dute mozorroak sortzeko material berrerabiliekin, edota aurpegia margotzeko, norberaren mozorroa osatuz.
Gero, disko festa ere egingo dute, 18:00etatik aurrera, eta familia osoarentzako dantza eta jolasak prestatuko dituzte.
Eta bukatzeko, txaranga aterako da kalera, 19:30ak aldera, arratsaldearen azkeneko orduak girotzeko.
Euskal Inauterien Konpartsa, Ergobiatik erdigunera
Bihar, berriz, Euskal Inauterien Konpartsa aterako da, hutsik egin gabe. Ergobiatik abiatuko dira, goizeko 11:30etan, Astigar taldeko dantzariak, eta Joseba Barandiaran plazara bitarte, eskainiko dituzte Goizuetako zahagi dantza, Oriako sorgin dantza, eta Lantzeko iñauteriko dantzak. Bukaeran, eguerdiko 12:30ak aldera, plaza dantzak izango dira, Joseba Barandiaran plazan bertan.
Eguraldi txarra egingo balu, ez lukete ibilbidea egingo, eta Txomiñenen eskainiko lukete emanaldia, 12:00etan hasita.