«Helburua izaten zen beti herrian gelditzea»

Kronika - Erredakzioa 2017ko ots. 25a, 01:00

Hogeita bost urte bete zituen Gazte Asanbladak 2016an. Huraxe sortzeko 1992an mar­txan jarri ziren haietako ba­tzuk dira Bakartxo, Leire eta Axier; egun, Guraso Elkarteko kide! «Transtizioa izan zen», di­o­te; «atzetik zetozenek bul­tza egiten zuten». 
Amalur, Ainhoa eta Oiha­ne­ren ustez, berriz, gaur egun «‘lana’ aditu eta beldurtu egiten dira asko». Baina «segi­tzeko asmoa» badaukate. Gaz­te­txeko teilatua konpontzeak eta datorren larunbateko kon­tzertuek indarrak biltzeko ba­li­o­ko dutela espero dute: «guri de­na egina eman digute. Baina orain, obrarekin, barrutik ere dena txukundu eta... Guk egindako zer edo zer egonda, gogo haundiagoa izango dugu segi­tzeko».
Beteranoenek argi daukate: «aspertzean utzi, eta geldialdiaren ondoren, askotan pizten da berriro. Gainontzean, eskatu laguntza!». Horretan ez baitute zalantzarik egiten: «Goizueta da herri bat, jendeak asko lagundu duena».

Autobuseko bileretatik, udaletxeko ofizinara
Segurtasun hori urteetako esperientziak eman die. Izan ere, onartzen dute hasieran ideia gutxi zutela.
«Herrian ez zegoen deus», oroitzen dute. «Edo guk antola­tzen genuen guretzako, edo deus ere ez. Donostiara joaten ginen orduan ikastera; mutilak Po­li­tek­nikora, eta neskak, Usan­­di­zaga ondora. Guretzako dena zen berria, eta Po­li­teknikokoek Pikutara taldekoak ezagutu genituen. Horrela, autobuseko joan-etorrietan bi­lerak egiten hasi ginen. Hila­be­tean behin kontzertuak anto­la­tzen saiatu ginen; Pikutara tal­dea izan zen lehendabizikoa».

«Aurrezki kutxan 16.000 pezeta besterik ez, eta 5 milioitako kontzertuak antolatzen genituen!»

Garaia ere aproposa zela uste dute, beteranoek. «Añor­gan orduantxe hasia zen Gazte Asanblada. Ez genituen ezagu­tzen, baina parranda gogoa ge­nuen, eta hara joan ginen, kon­seju eske. Gure konsejuarekin, berriz, Arantzan hasi zi­ren. Eta horrela, garai hartan za­baltzen joan ziren asanbladak». Era berean, udaletxetik jasotako laguntza ere garran­tzitsua izan zela uste dute. «Udaletxea beti babes haundia izan da. Zerotik hastea ez da erraza; ez genuen ez dirurik, ez esperientziarik. Aurreneko lokala dantzakoa, denetarako ze­na utzi ziguten. Gero, udale­txean orain ofizina dena; eskola zaharra. Hura pintatu, garbitu... egin genuen. Pin-ponean eta musean aritu, eta zigarroa nahikoa! Horixe izaten genuen dena! Gero udaletxean obra egin beharra zegoela-eta, au­ke­ran eman ziguten; orain Zu­bi­muxu dena edo Tifanitxo. Ber­tan lehenago ta­berna izana zen, eta hori hartu genuen, kon­pontzen laguntzearen truke». 96an mugitu ziren bertara.

Kontzertuak, eta gehiago
Parrandarako gogoak eta kon­tzertuak antolatzeko nahiak piztu zuen, Gazte Asanblada, beraz. «Denetik ekartzen ge­nu­en; prest zegoena! Azelga boys, The windows ventana, Pottoka... Reggea, rocka, heavya... Gauza zen zerbait egotea!».
Hasieran, afariaren truke etortzen ziren talde asko, baina helburu zailagoak ere jarri zituen asanbladak. «Urtz izan zen ordainpeko aurrenekoa, eta aurreztutako guztia joan zitzaigun! Baina babesa haundia izaten zen. Argia eta Egun­ka­ria­rekin ere, kristoren kontzertuak antolatu genituen fiestetan. Guk aurrezki kutxan 16.000 pezeta besterik ez, eta 5 milioitako kontzertuak antolatzen genituen!». Horietako batzuk izan ziren frontoian egindakoak: «urte batean, Anje Duhalde, Bizkarrezurrak eta EH Suka­rrak. Hurrenean, Sorotan Bele, Mikel Laboa eta Lin Ton Taun. Gero, Su ta Gar eta Def Con Dos tablatu batean, eta bestean Goizuetako trikitilariak, Tapia ta Leturia eta Exkixu». Baina laguntza ez zen ekonomikoa bakarrik izaten. «Guk 15 urte izango genituen, eta beti laguntzen aritzen ziren helduagoak edo gurasoak! Kotxea behar izaten genuen, batean edo bestean kartelak pegatzera joateko ere!».
Horrela, kontzertuez gain bestelako ekintzak ere antola­tzeko beharra ikusi zuten. «Orain ematen du beti egin direla, baina gu hasi ginen Senperera, Herri Urratsera joateko autobusak antolatzen, adibidez. Gure aurretik, larunbatero izaten zen parranda, eta igandetan autobusa, Oialu­me­ra. Baina modak izaten dira, eta gu gazteak ginela autobusik ere ez zen. Zerbitzu gutxiago zegoen. Horrela antolatu genituen baita ere umeen­tzako jokuak, gure edadekoen­tzako jokuak, herri kirolak...».

«Goizuetan badugu esan bat, eta da, Goizuetara etortzen den musika taldea gero ezagun egiten dela!»

Atzekoak, bultzaka
Martxa onean ibili ziren aurreneko urte haietan. 96an, adibidez, Tifanitxora, egungo Gaz­tetxera mugitzean, Canal+ jarri zuten, ostiralero pelikularen bat ikusteko.
«Dirua genuen orduan. Fiestetako taberna izan zen aurreneko diru-iturria, eta Gaztetxekoak ere ondo funtzionatu izan du. Bi milioi pezeta motxilan hartuta trankil-trankil joaten ginen!».
Errazagoa zela ere esaten dute, beteranoek. «Hasieran in­fra­estrukturarik ez genuela-eta, errazena bilatu genuen; zer­beza latak. Eta horiek hozteko, esnea hozteko kamara erabili genuen, urez beteta! Orduan zerbeza eta kalimotxoa edaten zen. Kali­mo­txoa prestatzeko ere... Fron­toian, kazuela haundi batean nahasten genuen dena...».
Eta pixkanaka, aldaketa iri­tsi zen. «25-26 bat urterekin pix­ka bat utzi genuen. Trantsizioa izan zen. Atzetik zetozenek bultza egiten zuten. Baina laguntza eskatuta, joan izan gara, turnoak egitera. Kontua da, pentsatu genuela barraren beste aldean gehiago lagunduko genuela!», diote barrez.

Geldialdia
Laguntza hori eskertzekoa dela azpimarratzen dute belaunaldi gazteagoek ere, baina beherakada nabari dute.
«Gazte Eguneko antolaketa bileran parte hartzen hastean sartu ginen Asanbladan. Au­rre­ko belaunaldietako jende pi­la zegoen, eta martxa ona. Baina batzuk Gaztetxea lokal bezala erabiltzen zuten, beste batzuk lan egin nahi eta oztopoak topatzen zituzten... Azkenean, dena bronka eta dena hankaz gora! Kokoteraino zeuden».
Gauzak horrela, geldialdi bat izan zen. «Bilera egin zen, azkenean, erabakitzeko Gazte­txearekin jarraitu ala ez, eta Gazte Asanbladarekin segi ala ez. Gehienak Gaztetxea itxi eta Asanbladarekin bukatzearen alde zeuden. Orduan, ordura arte ibilitako jendea sakabanatu egin zen. Guk segitu nahi genuen, baina sakabanatutako asko ez dira bueltatu».
Hala ere, kontuak ateratzen ha­sita, lan asko egiten da oraindik: Txinoko fiestak, Fe­ria, Olentzero, Inauteriak, ba­rrikotea... Eta 20garren urteurrenean ere lan asko egin zela gogoratzen dute, gazteenek ere. «Oso ongi atera zen dena, baina ar­dura haundia zen. Leher eginda bukatu zuen jendeak, eta ordutik beheitti joan da. Baina oroi­tzapena oso ona da. Des-Ko­n­trol, Bongo Bo­tra­ko, 3gabe2 eta Esne Beltza izan ziren, eta Esne Beltzak Ttirrika ttarraka kantua egin zuen. Jendez betea zegoen dena. Eta aurten ere, Gazte Egunean plaza bete jende zen, denak dantzan».

Goitti eta beheitti, garaiak desberdinak beti
Gazteenak entzunda, beteranoek argi ikusten dute moda kontua dela dena. «Gu hasi gi­ne­nean, kontzertuak puri-purian izan ziren. 10ga­rren urteurrenean, adibidez, As­-garth ekarri genuen, eta 15ga­rrenean La Polla! Ikara­garria izan zen. Eta azken makrokontzertu haietan lana haundiegia zen: sarrerak bukatuta, zaintzaile lanak egin beharra, guk ere parranda egin nahi eta gero dena jaso beharra... Eta taldeek ere gero eta gehiago eskatzen zuten! Le­henago ia debalde etorritakoek, ezagun egin eta eskatzen zuten ez dakit zenbat metro karratuko tablatua, dutxak, trasteak mugitzeko laguntza...».
Horretan ados daude belaunaldi guztietakoak: «Goizuetan badugu esan bat, eta da, Goi­zu­e­tara etortzen den musika taldea gero ezagun egiten dela! Pentsa; Berri Txarrakek hemen probatu zuen aurrenekoz, CD berri bat ateratzean. Eta Hemendik At taldeak hemen probatu zuen lehendabiziko zuzenekoa! Eta orain Etsaiakek aurkeztuko du diskoa».
 Kontua da, kontzertuek behera egin zutela. «Gainera, orain toki guztietan dena batera izaten da, eta mugitzea zailagoa da, alkoholemia dela eta... Lehen bai. Hernanira joaten ginen, baina Goizuetan zerbait bazen, buelta! Gure helburua izaten zen beti herrian gelditzea. Burutik pasa ere ez, hemen zerbait bazegoen kanpora joatea! Gure belaunaldiak bazuen hori».

Ilusioa piztuta, gurpila martxan
Lana gehiegi denean nekeak aza­leratzen dira. Baina gazteenek argi daukate segitzeko go­goa badaukatela. «Beste he­rri­etan adin bereko jendea gehiago izaten da. Hemen, berriz, 4-5 urte arteko aldea dutenak elkartuta ibiltzen gara. Harremanak sendotzeko aukera haundia izan da Gaztetxea, lokal bezala ere. 10 urte zaharragoa den jendearekin ere harremana izan dugu horri esker, eta bestela, tratatu ere ez genuen eginen. Beraz, asmoa badugu segitzekoa».
Datorren larunbateko ospakizunek eta obrak lagunduko dute horretan, seguru. «Dena egina eman digute, eta guk egindako zerbait badago, gogo haundiagoa izango dugu segi­tzeko. Diru premiarik ere ez daukagu, nahiz eta orain, irabazitakoa baino gehiago gastatu, askotan».
Horren aurrean, babesa erakusteko daudela azpimarratzen dute beteranoek. «Gehiago gastatzea ere normala da. Herritik hartu duzuna herriari bueltatu beharra dago. Guk S.A. ekarri nahi izan genuenean, boletoak saldu genituen, eta azkenean, ez zozketa eta ez S.A.! Hura bai fraudea! Baina herri ttikia gara, eta elkarri lagundu behar dio­gu. Denen onerako da. Orain, ikusten dugu Guraso Elkartetik laguntza eskatzean, gazteak beti prest izaten direla».
Dabilen harriari goroldiorik ez zaiola lotzen eta, izanen da gurpilari eragiten segiko dionik, Goizuetan. 

XXV. urteurrena

«Auok proposatu du kontzertua, Goizuetan jo nahi duelako»

Kontuen Egunarekin batera eginen da Gazte Asanbladaren urteurren festa. Eta okasio berezi horretarako, kontzertu be­rezi bat izanen da: EtsaiakEroak, Naufragoak diskoa aurkezten.
«Goizuetako batekin dabil Auo, abeslaria, eta berak proposatu zuen kontzertua, Goi­zuetan jo nahi zuelako. Fetxa ere berak esan zigun, eta pen­tsatu genuen oso ongi zetorrela, Kontuen Egunarekin eginen duelako bat».
Haiekin batera Space Jam Session ere izanen da, eta hainbat talderi tributoak eginen zaizkie. Aukera ederra, Goizuetan parranda egiteko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!