Eguraldia lagun izan zuten lehengo astean Aranoko zomorroek, eta eguzkitara nola, halaxe atera ziren etxez etxe, puxka biltzera; 50 lagunetik gora bildu ziren! Goiza Suro, Arranbide, Benta Berri eta Beheko Herrin barrena pasa zuten, Izer eta Alabier trikitilariak lagun zituztela. Kontsejun bapo bazkaldu ondoren, gaztetxoenek Zahagi Dantza egin zuten, eta indarrak berreskuratzeko, afariarekin bukatu zuten eguna, hurrengo egunean ere zer edo zer izanen zela-eta. Hain zuzen, txokolatada ederraz gozatzeko aukera izan zuten, igandean, Ihauteriak borobiltzeko.