Zorterik ez Semperenak eta Romerok, Euskadiko Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2017ko ots. 25a, 01:00

Ez zuten bere eguna izan txirrindulari astigartarrek, aurreko larunbatean, Anoetako belo­dromoan. Pistako Euskadiko Txapelketa zegoen jokoan, goiz eta arratsalde; eta espero baino atzerago bukatu zuten: 5garren izan zen Urko Semperena, ju­beniletan; eta 8garren Jaime Romero, kadete mailan.
Semperenak 5garren egin zuen scratch proban, hasteko, eta 10garren tempoan. Horrela, 10garren zegoen sailkapenean. Eliminazioan ere ez zen oso fin ibili, eta espero baino lehen ge­ratu zen kanpoan.
Azkenekoa bakarrik falta zuen, beraz, postu batzuk gora egiteko, puntuazio proba. Go­go­­tsu ekin zion, eta hasi eta berehala, erasoa jo zuen, aurkariei buelta bateko aldea atera nahian. Baina buelta erdia lortuta zeukanean, eta aurreneko esprinta irabazteko zorian, erorketa baten ondorioz proba gelditu zuten, eta hutsetik hasi ziren berriro. Ez zuen etsi astigartarrak, eta berriro saiatu zen, baina ez zioten utzi. Hala ere, aurreneko esprinta irabazi zuen, eta baita azkenekoa ere. Eta horrekin, lortu zuen postu batzuk gora egitea, sailkapen nagusian, 5garren bukatzeko.

Romerok ezin, bizikletan akats batengatik
Ezinean aritu zen Romero ere, bereziki aurreneko bi probetan, scratchean eta tempoan. Ondo egon eta dena eman arren, ezin zien kontrarioei segi, eta 10garren jarri zen sailkapenean. Gero konturatu ziren, bizikleta errebisatzean, akatsa egin zutela garapena aukeratzen, eta kadentzia altuegian eragin behar izan ziela pedalei.
Espero baino okerrago aritu zen eliminazioan ere, baina puntuazioan aurreneko esprin­tean puntuak hartuta, 8garren postura igo zen sailkapenean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!