Ezohiko plenoa izan zen asteazkenean, Astigarragako udaletxean, aurrerantzean ohikoa izango den egun eta orduan. Izan ere, onartu zuten plenoen aldizkakotasuna aldatzea, eta hilero izango dira, azkeneko asteazkenean, 13:30etan. Alde bozkatu zuten EAJk eta PSE-EEk, eta abstenitu egin zen EH Bildu: «hilero izatearekin ados gaude, esperientziak erakutsi digu beharrezkoa zela. Baina ordutegia ez dugu logikoa ikusten; zinegotzi batzuk lanean daude, eta enpresan baimena eskatu behar dute etortzeko», azaldu zuen Andoni Gartzia bozeramaileak.
Jarraian, bozkatu eta onartu zituzten, batzordeen osaketa berriak eta kargu hartzeak, alkate eta zinegotzi aldaketek eraginda; gehienak, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.
Horrela, besteak beste, Jon Arregi izango da aurreneko alkateordea eta kontratazio mahaiko lehendakaria. Bere kezka erakutsi zuen EH Bilduk, «euskeraz moldatzeko zailtasunak dituelako», eta kargua betetzeko garrantzitsua delako.
Atzera botata, hondakinen inguruko erabakiaren kontrako errekurtsoa
Gero, landu zuten EH Bilduk aurkeztutako errekurtsoa, azaroaren 19ko plenoan, hondakin bilketa sistemaren inguruan hartu zen erabakiaren kontra. Zorione Etxezarraga alkateak azaldu zuen, idazkariaren txostenak babestu egin duela erabakia, eta errekurtsoari biderik ez egitea onartu zuten, EAJ eta PSE-EEren botoekin. Gartziak, bere aldetik, kritikatu zuen, borondate politikorik ez zela egon, aurreko langileen eskubideak bermatzeko, haien subrogazioa derrigorrezkoa ez izan arren. Eta aurreratu zuen, seguruenik auzitegietan bukatuko duela gaiak.
Etxezarragak erantzun zion, Udalak ez zeukala haien erantzukizuna bere gain hartu beharrik: «hitzeman zenuten kontsulta, ez zenuten egin, atez atekoa eta enpresa inposatu zenituzten, 121.000 euro dauzkagu lurperatuta horregatik, eta orain diozue guk egin behar dugula hori?», kritikatu zuen.
Onartu zuten, baita ere, hirugarren aldaketa egitea hiri hondakinen udal ordenantzari, EH Bilduren kontrako botoekin: «hondakin gelak jartzearen kontra gaude, egokiena delako edukiontzi horiek etxepeetan mantentzea, kalean».
Hiru alegazio txertatuta, behin betiko aurrekontuan
2017ko Udal Aurrekontuari heldu zioten segidan, eta hiru alegazio onartu eta txertatuta, behin betiko onarpena eman zioten, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin. Abstenitu egin zen EH Bildu, onartutako alegazioetako batekin ez zetorrelako bat.
Horiek txertatzeko, kreditu aldaketa batzuk ere egin behar izan dituzte aurrekontuko partidetan, gastu arruntetatik transferentzia arruntetara.
Udala atxiki egingo da, Gipuzkoako Herritarren Partaidetzarako Espaziora
Jarraian, plenoak landu zuen Udala atxikitzea Gipuzkoako Herritarren Partaidetzarako Erakunde Arteko Espaziora, eta aho batez onartu zuten. Aldundiak sortu du espazio hori, eta lortu nahi da, besteak beste, «esperientziak eta jardunbide egokiak elkarbanatzea, herritarren partaidetzaren alorreko prestakuntza programak sustatzea, eta partaidetzarako metodologiak eta tresnak martxan jartzea».
Atxikimenduarekin, Udalak «gardentasunean hobetzen jarraitu» nahi du, «partehartze prozesu ezberdinak martxan jarriz», azaldu dute.
Gartziak adierazi zuen, alde bozkatu zutela, «nahiz eta ez den berez nahiko genukeen espazioa, exkaxagoa da; baina aurrerapauso bat da, eta konfiantza boto bat emango diogu».
Martxoaren 8aren bueltan, bi mozio onartuta
Eta bukatzeko, martxoaren 8ko mozioari heldu zioten. Plenora eraman zutena, EUDELek aurkeztutako testu bateratua izan zen. Horren bueltan, Gobernu Taldearen jarrera kritikatu zuen Gartziak: «prentsan esan duzue kontra bozkatuko genuela, eta guk ez dugu horrelakorik esan. Ados azaldu ginen, eta aipatu genuen, guk ere bagenuela testu bat, eta ea posible ote zen biak konbinatzea». EH Bilduren mozioan, jasotzen zen, besteak beste, aztertzea azken urteotako murrizketek nola eragin dieten emakumeei, Mapa Morean jasotako ekintzak bideratzeko 80.000 euro bideratzea...
Baina azaldu duenez, konbinazioaren kontra azaldu zen Udal Gobernu Taldea. «Uste dugu denbora nahikoa egon dela konbinatzen saiatzeko, baina hala ere, mozioaren alde bozkatuko dugu, noski. Nor da EAJ, EH Bilduk zer bozkatuko duen esateko? Horrelako gai garrantzitsuan, EAJk hain zikin eta lotsagabe jokatu izanak, agerian uzten du bere benetako azala», kritikatu du EH Bilduk.
Azkenean, bi mozioak bozkatu eta aho batez onartu ziren. Alkateak gehitu zuen, hala ere, aurrera begira ez daukala zentzurik, bakoitzak bere mozioa aurkezteak.
«Onartezina da, berdintasun politika zikintzea EAJk»
Gai berdinarekin lotuta, galderen puntuan, EH Bilduk kritikatu zuen, «arduragabekeria onartezina» dela «EAJk berdintasun politika zikintzea», esanez aurreneko gobernu taldea zela, gizon baino emakume gehiagorekin: «hirugarrena da; beraz, zertara dator horrelako gezurra? Berdintasun politikari ostikada larria da, eta EH Bilduk ez du onartuko iraganean Astigarragaren alde lan egin duten emakumeen esfortzua eta lana gutxiestea».
Etxezarragak, bere aldetik, akatsa onartu zuen, baina aurreratu zuen, ez dituztela plenoetan eztabaidatuko, prentsan azaldutako gaiak: «beste bide batzuk daude».