Zarkumendegira doan bidegorriaren inguruan, bere ikuspuntua azaldu nahi izan zuen Astigarragako EH Bilduk, astelehenean, prentsa ohar baten bidez: «obrak behar baino gehiago luzatu diren arren, amaituta daude. Eta Mugikortasun Diputatuak eta Alkate berriak, denbora gutxi behar izan dute, inaugurazioa egiteko. Hala ere, batak zein besteak zerikusi gutxi izan dute bidegorriaren proiektuan», nabarmendu du.
Eta gaineratu du: «aurreko legealdiko ekimena izan zen bidegorriaren proiektua, eta idazteaz gain, beharrezko finantziazioa eskuratu zen, garaiko Diputaziotik. Hain zuzen ere, 593.949,19 euroko konpromisoa hartu zuen; hau da, aurrekontu osoaren %67,11 ordaintzea hitzartu zuen Udalak Aldundiarekin. Gainera, EH Bilduko Udalak ere, bidegorria gauzatu ahal izateko, okupatu behar ziren lurren jabeekin adostasuna lortu zuen». Horregatik, salatu du inaugurazio ekitaldi horretara EH Bilduko inor gonbidatu ez izana.
«Farolekin bai, baina argirik gabe zegoen bidegorria»
Bestalde, bidegorriaren egoeraren inguruan ere, kritika egin nahi izan zuen EH Bilduk, argirik gabe zegoelako: «badirudi argiteria hobetuko dela azpimarratu zuela Alkateak, baina inauguraziotik bi aste baino gehiago pasa diren arren, bidegorria farolekin bai, baina argirik gabe dago oraindik». Ostegunean jakinarazi zuen Udalak, egun horretan bertan piztuko zutela argiteria.
Zentzu horretan, EH Bilduk nabarmendu du, aurreko legealdian «aurrerapauso itzelak» izan zituela mugikortasun jasangarriak, EH Bilduri esker: «aipatutako Zarkumendegiko bidegorria eta Urumea Berriko bidegorriaren zatia bideratu ziren, Hernani eta Astigarraga lotzeko bidegorria amaitu zen, eta Diputazioarekin sinatutako beste hitzarmenean 370.000 euro lortu ziren (obra aurrekontuaren %50,44a), herri sarrerako bidegorria eta biribilgunea egiteko».
Mugikortasunaren arloan, baita ere, A3 zerbitzua martxan jarri zuela nabarmendu du, «nahiz eta oraingo Diputazioak, Udalaren konplizitatearekin, inolako alternatibarik gabe linea kentzea erabaki duen. EH Bilduk berresten du mugikortasun jasangarriaren eta garraio publikoen aldeko apustu sendoa, eta oposiziotik bada ere, lanean segituko du herriak behar dituen mugikortasun azpiegitura eta zerbitzuak bermatzen eta babesten».
«Eskatu dugu, Maskarrene bidea ere argiztatzea»
Zarkumendegira doan bidegorria bezala, beste bide bateko argiztapen arazoa ere konpontzea eskatu du EH Bilduk: Goiko Iturritik Kultur Etxera doan bidea; Maskarrene bidea, hain zuzen ere. «Aurreko legealdian jarri zen martxan ekimena, baina azkenean ez zen gauzatu. Gobernu aldaketarekin, badirudi apustua alboratu dela, baina gaia berreskuratzea eskatu dugu», azaldu du.