Kontxa Etxeberria plazako obrak hasita, eta erdigunea hobetzeko lanak laster

Kronika - Erredakzioa 2017ko ots. 25a, 01:00

Martxan dira Kontxa Etxe­be­rria plaza urbanizatzeko lanak, Astigarragako Udalak jakinarazi duenez. Hasi da eraikitzen Urumea Berriko promotora, plaza itxiko duen azkeneko etxebizitza blokea, eta horrekin batera, plazaren urbanizazioa ere egingo du: «bi horiekin, bukatuko da 2010ean onartu zen hirigintza-proiektu hitzarmenaren aurreneko fasea, eta auzo berriak 600 astigartar hartuko ditu. Eraldaketa sakona suposatuko du herriaren­tzat», azaldu du Udalak.
Nabarmendu du, gainera, herriko plazarik haundiena izango dela, 7.000 metro karraturekin, «Donostiako Konsti­tu­zio Plaza baino hiru aldiz haundiagoa, eta Katalunia Plazaren parekoa». Hori horrela, aisialdi gune ezber­dinak edukiko ditu. Batetik, bertan egongo da Kul­tur Etxe berria: «EAJ-PNVren udal gobernuarentzat, azpiegitura guztiz estrategikoa da, eta pro­iektua ondo pentsatuta ga­ratu nahi dugu, Udalaren eta herriko kultur talde zein elkarte guztien beharrak uztartu ahal izateko», azaldu dute. Gainera, kultur etxearen kanpoaldean, gune estali bat egin nahi dute, «kultur ekimenak eta aisialdi aukerak biderkatzeko».

Jolas-parke estalia, belardiak, paseatzeko gunea...
Horrez gain, beste hainbat gune ere izango ditu plazak. Zonalde ireki bat egongo da, belardiekin, eta paseatzeko ego­kitutako gune batekin, «ume, gazte eta helduen bizikidetza sustatzeko, eta bizilagunen go­zamenerako» izango dena.
Eta jolas-parke estali bat ere egongo da, haurrentzako, 2016ko aurrekontu partehar­tzai­leetako bigarren proposamen bozkatuena izan zena. «Udal go­bernuak eskaera hori bere egin, eta konpromisoa bete nahi du Astigarragako familiekiko, hauxe baita horrelako proiektu bat bideratzeko kokagunerik aproposena», nabarmendu dute.

Ekainaren amaierarako, plazako lanak bukatuta 
Udalak jakinarazi du, promotorak helarazi dion informazio­aren arabera, ekainaren ama­ierarako bukatuta egongo direla plazako lanak, lau hilabete barru: «udal gobernu taldeak aurten beteko du, beraz, Udalak duela bi legealdi hitzarmen bidez hartu zuen konpromisoa, aurreko legealdian guztiz ahaz­tuta egon zena. EH Bilduren utzikeria dela eta, Astigarra­ga­ko gobernu jeltzaleak bultzatu behar izan du, Kontxa Etxe­berria plazaren urbanizazioa, bizi­lagun eta herritarrentzat estrategikoa eta ezinbestekoa baita», adierazi du.

Lanak eta konponketak laster, «erdigunea hobetzeko»
Beste zenbait obra ere egingo dituela aurreratu du Udalak. Datozen asteotan jarriko ditu martxan, zenbait lan eta konponketa, «herriaren erdigunea hobetzeko». Horrela, konponduko ditu espaloiak, Joseba Barandiaran plazan, Pelotari kalean eta Kale Nagusian, eta hondatuta dauden zebra-bideak ere margotuko ditu: «hirugarren aldia izango da, EAJk alkatetza hartu zuenetik, espaloiak konpontzen direla, aurreko gobernu taldearen utzikeria ikusita», kritikatu dute. Banku berriak ere jarriko dituzte, eta zahartuta daudenak aldatu.
Bestalde, zolatu egingo dute Pelotari kalea eta Donostia Ibilbideko autobus geltokia lo­tzen dituen bidea, Murgia parkea zeharkatzen duena, oinezkoen joan-etorria errazteko. Hobetu egingo dute, baita ere, Mokolo plazako galtzadako zola. Eta Astondo bidean, baranda jarriko dute, oinezkoen pasabidearen gune batean, bizilagunek hala eskatuta.
Argiteriari dagokionean ere, egingo dituzte zenbait lan: alda­tu egingo dituzte farolak, Donostia Ibilbideko errotondan, auzoko beste farolen altuerara egokituz. Eta Santiomendiko bidegurutzeetan ere, jarriko dituzte argi puntu gehiago, «segurtasuna indartzeko».
Horrekin guztiarekin, Uda­lak konpondu nahi ditu, «gure herrian dauden irisgarritasun arazoak. Behin baino gehiagotan esan dugu, irisgarritasuna eta mugikortasuna gai estra­tegikoak direla guretzat». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!